Euskal bertsolariek Madeiran kantauko dabe maiatzaren 7an

Bizkaie! 2022-04-29 10:15   Bertsolaritzea

Charamba izeneko ahozko inprobisazinoa dago Atlantikoko ugarteotan.

Eli Pagola eta Asier Galarza bertsotan (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolarien eta munduko beste ahozko inprobisatzaileen arteko hartu-emonak estutzeko ahalegina aspaldikoa da, kultura askotan daukiezalako bertsoen antzeko tradizinoak. Oraingo honetan, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak aurreratu dauenez, Portugalgo Madeira ugarteetara joango dira euskal bertsolari bi, Eli Pagola eta Asier Galarza.

Atlantikoko ugartedi horretan bada ahozko inprobisazinoagaz lotutako tradizino bat, portugesez, charamba izenekoa. Hortaz, Pagolak eta Galarzak hango kantuak entzun eta euskerazko bertsoak kantauko ditue Madeirako inprobisatzaile eta publikoaren aurrean. Maialen Velardek egingo ditu interprete lanak, euskaldunek eta madeirarrek alkar ulertu deien.

Madeirako Agência de Promoçao da Cultura Atlântica erakundeak antolatu dau Encontros Topaketak: repentismo em diálogo ekimena, Associação Grupo Cultural Flores de Maio eta Associação Musical e Cultural Xarabanda alkarteen laguntzinoaz.

Porto da Cruzeko Flores de Maio gunean egingo dabe topaketea, maiatzaren 7an, arratsaldeko 16:30ean. Saio edegia izango da, interesa daben guztiak joan ahal izango dira.

Bertsolarien eta antzeko beste tradizino batzuen arteko topaketa eta saioak lehenago be egin izan dira, pandemiak horretarako aukerea gitxitu aurretik, behinik behin. Euskal bertsolariak Kuban, Argentinan, Katalunian, Sardinian eta Galizian egon dira, beste askoren artean; atzerritik be inprobisatzaile ugari etorri izan dira, adibidez, Euskal Herrian Munduko Inprobisatzaileen Topaketea antolatu zanean. Oraingoan Madeiran entzungo dira Eli Pagola eta Asier Galarzaren bertsoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu