Picasso, Barceló eta enparauak, Durangoko Arte eta Historia Museoan
2022-04-29 09:08 KultureaErakusketa barria garagarrilaren 3ra arte ikusi ahal izango da.
Igaz sekula baino bisitari gehiago joan ziran Durangoko Arte eta Historia Museora, eta aurten be jokera on horri eutsi nahi deutse bertako arduradunek. Publikoa erakarteko amuetako bat asteon aurkeztu dabe, Picasso-tik Barceló-ra izeneko erakusketea, XX. mendeko 23 artistaren 35 obra batzen dituan bildumea. Antonella Montinaro komisarioa izan da aurkezpenean, baita Durangoko Udaleko ordezkariak be, Ima Garrastatxu alkatea buru.
Artistearen eta teknologiaren arteko loturea aztertzea da erakusketearen asmoa, baliabide mekanikoen bidez erreproduzidu leitekezan praktika artistikoen bilakaeran arretea jarrita. Izenburuan aitatzen diran Pablo Picasso eta Miquel Barcelóz gan, pasa dan mendeko beste artista ezagun ugariren lanak ikusi leitekez Durangon: Joan Miró, Salvador Dalí, Andy Warhol, Eduardo Chillida...
Durangorentzat pozgarria da artearen historian hain garrantzitsuak diran artisten erakusketa bat izatea, eta Durangoko Arte eta Historia Museoak azken urteotan lortu dauen garrantzia eta oihartzuna erakusten dau, dino Garrastatxu alkateak.
Gaika antolatuta dagoz erakusketako edukiak, diskursoakaz hasita, eta Espainiako arte garaikidearen jatorria azalduz (Miró, Picasso, Dalí). Ondoren, abstrakzinoaren hizkuntzea landu daben artisten txandea dator, baita eskultura garaikidearen atala be. XX. mendearen bigarren erdian indarra hartu eben jokerek zarratzen dabe ibilbidea, pop-art, serigrafia eta halakoek.
Antonella Montinaro komisarioak azaldu dauenez, sistema biren arteko bidekurutzea da erakusketea: arte moderno eta garaikideko bilduma bat eta artearen historiaren artikulazinoa, horretarako artearen eta erreproduzigarritasun teknikoaren arteko loturea erabiliz.
Picasso-tik Barceló-ra garagarrilaren 3ra arte ikusi ahal izango da, eta bisita gidatuak be antolatuko ditue maiatzean eta bagilean, euskeraz zein gaztelaniaz. Ganera, berbaldien zikloa atondu dabe, lan grafikoaren balioaren eta arte garaikidearen askotariko balioaren atzera begirako begiradea aurkezteko.
Hain zuzen be, maiatzaren 11n izango da lehenengo berbaldia, Aitor Aurrekoetxearena, W. Benjamin y el aura en la obra de arte contemporáneo izenburupean. Hil horren 12an izango da hurrengo hitzordua, Iñigo Sarriugarteren eskutik. Azken berbaldi biak Garazi Arrizabalagarena (18an) eta Aitor Aurrekoetxearena (19an) izango dira. Danak hasiko dira 19:00etan.
Errekorra igaz
Durangoko Arte eta Historia Museora 17.681 bisitari joan ziran igaz, eta, hortaz, Museoaren historiako urterik jentetsuena izan zan. Errekorra 2021ean lortzea, pandemiak kulturearen sektorea oztopatu dauen urtean, aitagarria da. Urterik gatxenean be, Durangoko Arte eta Historia Museoaren daturik onenak lortu doguz, eta hori pozgarria da, norabide onean goazela erakusten dauelako, adierazo dabe Udaleko ordezkariek.
2021ean gehien bisitau zan erakusketea Dario de Regoyosen inguruko Durangoko begirada inpresionista bat izan zan, 3.292 lagun joan ziran; hau da, museoaren inoizko erakusketarik jentetsuena. Erakusketeak, besteak beste, Museoak igaz erositako Mercado en Durango koadroa erakutsi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!