Egitarau potoloa maiatzean, Bilborocken 25. urteurrena ospatzeko
2022-04-29 08:10 KultureaKultur aretoari egindako ekarpenagaitik, 25 norbanako eta talde omendu ditue.
1997an zabaldu ebenetik, Bilboko kulturgintzearen erreferenteetako bat izan da Bilborock aretoa eta horregaitik ospakizun arranditsuak iragarri ditu Udalak 25. urteurrena ospatzeko. Gehienbat maiatzean izango dira ekitaldiak, baina urteurrenaren inaugurazinoa atzo iluntzean egin eben, Juan Mari Aburto alkatea buru.
Txalaparteak, DJ-ek eta Haizea Lopez eta Lola Guerricaechebarriaren emonaldiek girotu dabe inaugurazino ekitaldia. Konbidaduen artean, Aburto alkateaz eta Itxaso Erroteta zinegotziaz gan, uriko kulturgintzako eragileak eta Bilborockeko programazinoaren arduradunak izan dira.
Ekitaldia aprobetxau dabe 25 persona eta talderi omenaldia egiteko, Bilboko kulturgintzea eta Bilborock bera sustatzeko egin daben lanagaitik. Norbanako edo entidade bat Bilborockek bete dauen urte bakotxeko. Omenduen artean dagoz musikari ezagunak, adibidez, Zea Mays, Doctor Deseo eta Fito Cabrales. Azken hau ez da ekitaldian izan, baina esker oneko bideoa bialdu dau.
Beste omendu batzuk, ezezagunagoak izan arren, ezinbestekoak izan dira mende laurenez Bilborocken programazinoari eusteko. Auzoko entidadeak dira batzuk (Sarean, Afrook/Betto Snay) eta badagoz Bilborock edukiz beteten daben ekimen zabalagoak be (Zinegoak, Freskure, Harrapazank, Caostica...).
Juan Mari Aburtok azpimarratu dau 25 sarituak funtsezkoak izan dirala Bilborockek aurrera egin deian. Bilborockek erakusten dau ze uri-eredu nahi dogun, uri gazte eta dinamikoa, talentuaren, sormenaren eta etorkizunaren aldeko apusuta egiten dauena, baina iragana ahaztu barik, esan dau alkateak.
Gazteen eta kulturgintzearen sinergia-gune bihurtu da aretoa, Aburtok ganeratu dauenez, eta batez be musikeagaitik ezaguna dan arren, bestelako alorretan be erreferente dala dino, esaterako, zineman, modan, ikus-entzunezkoetan, antzerkian, entseguetan eta grabazinoetan.
Maiatzean hitzordu ugari
Urteurrena ospatzeko maiatzean egingo diran ekitaldiei jagokenez, Bilboko Udalak azaldu dau egitarau askotariko eta berezia atondu dabela. Hasteko, maiatzaren 7an, Bilborockeko entsegu-gelak bisitau ahal izango dira eta banden maratoia egingo dabe.
Artista ugarik igongo dabe maiatzean oholtzara. 2021eko DJ lehiaketako irabazleen txandea 14an izango da, eta auzoko kulturgintzearen erakusgarri dan Afrook Essential 15ean helduko da Bilborockera. Bilbo Zaharreko gazteen moda-desfilea be egongo da egun horretan.
Hilaren 19an, Bilborocken historiaren parte diran bideoklipik onenak proiektauko ditue, Caosticak antolatutako BideoKlippa saioan, kolektibo honek 20 urte bete dituala aprobetxauta. Cherry Boppersen kontzertuak biribilduko dau egun horretako egitaraua.
Aretoko programazinoan ohikoak diran hainbat ekitaldi be egingo ditue: Igandays (22an), Imaginautak (25ean), Femme Bilbao (26an) eta Freskure (27an). Saiootako bakotxean, atzera begiratuko dabe eta urteotan programazinoaren parte izan diran konbidadu ugari egongo dira.
Milaka ekitaldi
Orain Bilborock dagoan eraikina eleizea izan zan 1990eko hamarkadara arte, fatxadako zein barruko arkitektureak garbi erakusten dauenez. Bilboko Udalak erosi eban, kulturgintzea eta gazteen jarduerak hartzeko, eta holan jaio zan Bilborock izeneko aretoa, 1997ko apirilaren 7an.
Hasierako asmoari eutsita, ekitaldi eta jarduera ugari egiten dira Bilborocken. Talde ezagunen zein hasibarrien kontzertuak ia astero dagoz, jaialdi ugariren egoitzea da, proiekzino eta berbaldietarako be aproposa da eta proiektu barriak aurkezteko gunea be bada. Bestetik, gazte sortzaileentzat entseguetarako gelak dagoz, eta grabazinoak egiteko azpiegiturea be bai.
Era guztietako kultur jardueretarako ekipamenduaz eta oholtza dotoreaz gan, Bilborockek badau erakargarri egiten dauen beste ezaugarri bat: uriaren bihotzean dago, Mesedeetako zubiaren alboan, Bilbo Zaharrean eta Zazpi Kaleetatik pausu batera. Garraiobide asko ditu inguruan.
Horri esker, oparoak izan dira 25 urteok. Udalak emondako datuen arabera, 6.500 ekitaldi baino gehiago programau dira Bilborocken, eta miloe bat lagun baino gehiago joan dira horreetara. Besteak beste, 2.000 kontzertu baino gehiago, 1.564 antzerki-saio eta ia mila proiekzino egin dira bertan.
Bertoko zein kanpoko artista ezagunen agertoki be izan da. Bilborocken emonaldiak eskaini dituenen artean dagoz The Corrs, Robbie Williams, Doctor Deseo, Zea Mays, Belako, Delorean, Ainara Legardon eta Antonia San Juan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!