CAF-Elhuyar Sariak emon ditue, fundazinoaren 50. urteurrenean

Bizkaie! 2022-04-28 08:02   Euskerea berbagai

Sorkuntza bekea Arantzazu Luzarraga Iturriozek irabazi dau.

Elhuyarreko arduradunak, erakunde publikoetako ordezkariak eta sarituak, Donostian (argazkia: Elhuyar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Berezia izan da 2022ko CAF-Elhuyar Sariak emoteko ekitaldia, Elhuyar Fundazinoa 50. urteurrena ospatzen dabilelako hileotan. Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian gogoan izan dabe mende erdiko ibilbide oparoa, zientziaren dibulgazinoa, barrikuntzea eta euskerea buztartzea helburu. Era berean, aurrera begira indartsu agertu dira Elhuyarreko kideak.

Urteurrena gogoratzeko asmo horren erakusgarri, aurtengo Merezimendu Saria Elhuyarren sortzaileei emon deutse. 1972an proiektua martxan jarri ebenak honeek dira: Iñaki Azkune Mendia, Felix Azpiroz Arrillaga, Juanjo Gabiña Carrera, Jesus Mari Goñi Zabala, Andoni Sagarna Izagirre, Mikel Zalbide Elustondo, Luis Mari Bandres Unanue (honen alargun Maite Moneok hartu dau saria) eta Kepa Zalbide Elustondo (alaba Uxue Zalbidek hartu dau).

Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak lemapean antolatutako sariketara aurkeztutako hautagaien artean epaimahaiak aukeratutako irabazleen barri be emon dabe. Kategoria bakotxeko irabazleek 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskulturea jaso ditue.

Dibulgazino-artikulu orokorren sailean, Ane Portillo Blancorentzat izan da saria, Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia izeneko lanagaitik. Doktore-tesian oinarritutako artikuluaren kasuan, Amaiur Esnaola Illarretaren Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan aukeratu dau epaimahaiak.

Zientzia-kazetaritzearen atalean, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak izan da irabazlea. Hiru egile ditu erreportajeak, Jon Goikouria Larrabeiti, Jon Villapun Arbide eta Maider Ibañez Espinosa. Lehen sektoreari lotutako lanak nabarmentzen dituan Neiker Saria Fatima Villa Gonzalezi emon deutse, Zer diotso sagarrak jogurtari? lanagaitik.

Bestetik, 5.000 euroko diru-laguntzinoa emoten dabe urtero, CAF-Elhuyar bekea, zientziaren eta gizartearen arteko zubilana egiten daben proiektuak bultzatzeko. Aurtengo irabazlea Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarra izan da. Ostutako paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean lanak zientzia eta sorkuntzea buztartzen dituala uste dau epaimahaiak.

Irabazleei jagokezen aitamenak egin eta sariak emoteaz gan, aurrera begiratzeko tartea be hartu dau Elhuyar Fundazinoak Donostiako ekitaldian. 50. urteurrenaren atxakian, lau zientzialarik 50 urte barrurako aurreikuspenak egin ditue, bakotxak bere arlotik. Itziar Irakulis, Maia Garcia Vergniory, Gorka Azkune eta Izortze Santin izan dira hizlariak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu