Markel Intxaurbe: 'Atzera ez begituteko esaten deuste'

Koldo Isusi Zuazo 2022-05-02 07:55   Barriketan

Gitarristea.

Bilbon jaio zan 2007an eta Urretxindorra Ikastolan dabil ikasle. Etxean musikaririk ez egoala, 9 urtegaz ekin eutson musikeari, Bilboko Musika Eskolan (Bilbaomusika). Hurrengo urtean, barriz, Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioan (Bilbo) sartu eta bertan gitarra-ikasketa ofizialak Jesus Melchor irakasleagaz hasi zituan. Gaur egun, ikasketa profesionaletako 2. mailea ikasten jarraitzen dau.

Nazinoartean entzute handiko gitarristen hobekuntza-eskolak jaso ditu, besteak beste, Marco Socias eta Alex Garrobérenak.

Sari ugari jaso ditu nazioko eta nazioarteko lehiaketetan, besteak beste, Valentzian 2019ko Raimundo Gitarrak Nazinozarteko Lehiaketea eta 2021ean Alemanian XV. Anna Amalia Competition Young Guitarrist irabazi ditu.

Horrezaz gan, Logroñoko Francisco Calleja 2021 eta Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketea (2021) be irabazi ditu.

Bigarren be geratu izan da: Bigarren saria eta Publikoarena Ciudad de Castallan, baita José Tomás Villa de Petrer Nazinoarteko Lehiaketan be.

Azken buruan, hirugarren sariak be irabazi ditu VI. Juan Crisóstomo de Arriaga Nazioarteko Gitarra Lehiaketan eta Saria eta Euskadiko Musika Eskola edo Konserbatorio bateko ikasle interprete onenaren sari berezia.

Ohorezko Aitamena be jaso eban Juan Crisóstomo de Arriaga Nazinoarteko Gitarra Lehiaketan (Bilbo) II. Maila (2019).

1.- Hamabost urte dituzu eta 9 urtegaz ekin zeuntson musikeari. Zelan otu jatzun gitarrista ibilbideari ekitea?

Nire lagunak musika eskolan ebizan eta hori lagungarria izan zan niretzako, izena emon eta hiru musika tresna aukeratzeko esan eustien; gitarreak ez eustan aparteko interesik eragiten baina pianoa eta biolina be nabarmendu nituan.

2.- Familian eta inguruetan musikaririk izan ez arren, gitarrea aukeratu zenduan. Zerk eraginda?

Egia da, familian eta ez dauka inork loturarik musikeagaz eta inork ez dau musika tresnarik joten baina esan deutsudazan hiru tresna horreen artean, gitarrea aukeratu neban baina ezin deutsut arrazoirik emon, barruko zeozerk bideratu eustan edo kasualidadea izan zan eta gaur egun oso pozik nago hartutako erabagiaz. Musikari gazteen artean, neu naz txikiena eta horrek ilusinoa egiten deust.

3.- Hartu dozun bidearen gainean, Urretxindorra Ikastolako gelako lagunek eta maisu-maistrek eta zer dinotsue? Eta gurasoek?

Gelako lagunak pozik dagoz hara eta hona nabilelako eta komunikabideetan agertzen nazenean enbidia izaten dabelako baina zoriontzen nabe eta gustora gabiz; txisteak eta holakoak be egiten deustiez eta barre-algarak egiten ditugu.

Maisu-maistrak be ibilten dira kontzertuen jarraipena egiten eta etxean be animau eta aurrera egiteko esaten deustie, atzera ez begituteko.

4.- Izan zenduan lehenengo gitarrea altxorra izango da zuretzako...

Bai. Bigarren eskukoa erosi genduan Santutxun Musika Eskolearen alboko dendan baina apurtu egin jatan eta beste bategaz ibili naz konserbatorioan sartu aurretik. Hor beste gitarra bat itxi eustien eta igaz maisua, lagun bat eta neu Bartzelonara joan eta erosi genduan orain daukadana.

5.- Sari garrantzitsuak irabazi dozuz, berbarako, Ohorezko Aitamena Juan Crisóstomo de Arriaga Nazinoarteko Gitarra Lehiaketan, lehiaketak irabazi, bigarren eta hirugarren sariak be irabazi dozuz, baita Alemanian be. Sariotatik zein maite dozu gehien?

Danak maite dodaz baina bat bakarra eskatzen badeustazu Alemaniakoa esango deutsut, igaz Alemanian XV. Anna Amalia Competition Young Guitarrist irabazi neban eta mundu zabalean burua erakusteko hitzordu bikaina da. Horrezaz gan, Petrerreko bigarren postua be inportantea izan zan ze ni baino nagusiagoakaz lehiatzen zara eta badinotsut, horra munduko gitarrista onenak joaten dira, han badago zer ikusi eta zer ikasi.

6.- Kontzertuak be emon dozuz, Peraltan, JC Konserbatorioan, Algortako San Nikolas eleizan eta Andres Isasi Musika Eskolan. Gustora sentiduten zara oholtzan?

Bai. Hasierea izan zan gogorrena, bildur-ikarea sentiduten neban publikoaren aurrean eta ez neban kontzerturik eskaini gura baina daborduko trankilago, seguruago egoten naz, asko gustetan jat gitarrea jotea eta hasierako urduritasunak baztertuta indartsu sentiduten naz. Esperientzia eta ekina dira aurrera
egiteko botikarik onena.

7.- Datorren irailean Alacanten, Petrer-en kontzertua emongo dozu. Jenteak ze harrera egiten deutsu, txalo zaparrada beroak be entzungo dozuz...

Harrera ona, jentearentzat ezustekoa da gaztetxu bat gitarrea joten ikustea, asko baloretan ditue holako esperientziak eta egia da txalo zaparradak be entzun dodazala.

8.- Bilbaomusika eta Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioan zabiz eta bertan gitarra-ikasketa ofizialak Jesus Melchor irakasleagaz hasi zenduzan. Gaur egun, ikasketa profesionaletako 2. mailea ikasten jarraitzen dozu. Aurrera egiteko gogoz zabiz?

Oraindino lau urte falta jataz konserbatorioan eta gero ezustekorik ez badago gitarra ikasketakaz segidu gura dot, Musikenen edo konserbatorioan ikasten jarraitzea da nire asmoa. 

9.- Nortzuk dira Marco Socias eta Alex Garrobé?

Marco Socias Musikenen dabil maisu eta kontzertuak emoten ditu, Petrerren bakarlari kontzertu ederra emon eban.

Alex Garrobe Bartzelonako Goi Mailako Konserbatorioko maisua da, entzute handikoa.

Niretzako ohorea izan zan igazko Petrerreko hitzorduan horreen bien masterclass edo maisu eskolak jasotea.

10.- Gitarra akustikoa joten dozu eta eskaintzen dozun errepertorioa klasikoa da, besteak beste, Franz Schubert, Johann Sebastian Bach eta Leo Brouwer. Egungo taldeetako gitarristen lanak eta segiduten dozuz?

Ez. Gitarrarako obrak eskaintzen deustaz maisuak baina klasikoak entzuten dodaz eta horreekaz ondo nabil. Leo Brouwer bizirik dagoan arren, aitatu dozuzan horreen lanak joten ditut.

10.- Gitarra elektrikoa joteko tentazinorik?

Ez. Erabili izan dot eta dibertigarria izan arren, klasikoagaz nabil gustora eta badaukat zenbat-gura lan.

10.- Angel Unzu, Haimar Arejita, Gorka Urbizu, Piti Imaz ezagutzen dozuz?

Ez. Gatibu eta Berri Txarrak lako taldeak ezagutu ezagutzen dodaz baina ez dodaz segiduten.

11.- Non ikusten dozu zeure burua hamabost urte barru?

Nire edadeko jenteari neuk urteetan ikasitakoa erakustea gura neuskie, maisu lanak egitea, dakidana besteei erakustea. Nagusitan ez dot ikusten neure burua kontzertuak emoten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu