Skakeitan-ek birea egingo dau 14 urteko ibilbidea amaitzeko
2022-04-27 10:27 MusikeaAgurreko kantua plazaratu dabe, 112.
Euskerea, jantzea eta ska estiloa buztartzeko asmoz jaio zan Skakeitan talde donostiarra 2008an, eta 14 urte geroago amaituko dau bidea, taldekideek ohar baten bidez zabaldu dabenez. Maitasunez begiratzen deutse alkarregaz egindako bideari, bizi izandako esperientziei eta sortutako musikeari, baina, baikortasunez bada be, agur esateko ordua dala uste dabe.
Igaz alkartu ginan ordura arte bizitakoaz berba egiteko, gure barruan generoian horri argazki bat ateratzeko, azaldu dabe oharrean. Maitasun istorio bat izan dala argi dago, gure bizitzetan aztarna berezia itxiko dauena. Izan be, ilusinoa eta laguntasuna izan dira, musikeagazko lotureagaz batera, proiektu honen ardatz nagusiak.
Amaierara arte dana emongo dabela agindu deutse zaleei. Horregaitik, kontzertu bereziz betetako agurreko birea egingo dabe taldea behin betiko desagertu aurretik. Skakeitan badoa, bagoaz, baina urteotan zehar bizitako guztia alkarregaz ospatzeko beharra dogu. Aurrerago emongo dabe hitzorduen barri.
Ganera, 112 kantua plazaratu dabe, taldearen historiako azkena. Ikusi hemen kantuaren bideoa.
Ez dabe triste agertu nahi izan: Bai, agur esatera gatoz. Eh, baina baikor eta irribarretsu, jada adostu gendualako zer idatzi gure epilogoan. Gogoeta labur baina indartsua da epilogo horretarako aukeratu dabena: Asko maite gera.
2008an sortu zan Skakeitan taldea, eta 2012koa dau lehenengo estudioko diskoa, Ahots gabekoen ametsa. Azkena, 2021ekoa, Eman ez genuen kontzertua. 14 urteko bitarte honetan, bilakaera nabarmena izan dabe hasierako ska doinu jantzagarriek, baina beti izan dabe publikoaren babesa. Atzerrian be jo dau Skakeitanek, adibidez, Japonian.
Zortzi kide ditu taldeak: Olatz Salvador, Pello Armendariz, Julen Idigoras, Borja Anton, Asier Iriondo, Aitor Valcarlos, Gorka Valcarlos eta Ander Zabala. Ganera, kolaboratzaile ezagunak izan ditue kantu eta disko batzuetan, besteak beste, Fermin Muguruza, Manu Chao eta Pello Reparaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!