Barakaldoko kaleak hartuko ditu VII. Bagatza Antzerki Jaialdiak
2022-04-25 09:21 KultureaApirilaren 25etik 30era.
Aurreko urte bietan pandemiak eragindako murrizketak atzean itxi, eta Barakaldoko kale eta aretoetara bueltan da Bagatza Antzerki Jaialdia, gaur, apirilak 25, hasi eta zapatura arte. Izenak dinoan lez, Bagatza auzoan egingo ditue saioak, arte eszenikoetako nobedade ugari herritarrei hurreratzeko asmoz: antzerkia, zirkua clowna eta tailerrak. Zazpigarren edizinoa da aurtengoa.
Barakaldoko Udaleko zinegotzi Nerea Canterok eta jaialdiko zuzendari Mikel Picazak emon ditue egitarauaren inguruko azalpenak. Zati bi izango ditu VII. Bagatza Antzerki Jaialdiak, bata ikastetxetako umeentzat eta bestea publiko guztiarentzat.
Astelehenetik barikura izango dira eskoletako emonaldiak. Hortzmuga Teatroaren Aukerean jarriak antzezlana egun bitan ikusi ahal izango da, eguaztenean eta barikuan. Beste hiru obra be badagoz egitarauan: Nao/Now/Nau (astelehenean), Oh-Pera! (martitzenean) eta Mute (eguenean). Igaz 1.200 ikasle inguru joan ziran jaialdira, eta aurten antzeko datua espero dabe.
Asteburua publiko guztientzako emonaldietarako gorde dabe. Barikuan eta zapatuan, kalean izango dira jarduera batzuk, Xake plazan. Batetik, Turukutupa, musika-tresnak egiteko tailerrak; bestetik, Qué buen día clown ikuskizuna, Maite Guevararen eskutik. Zirkodomoan, ostera, Giltzarri konpainiaren Gazte Zirkua (barikuan) eta Zirko Eskolako taldeen erakustaldia (zapatuan) izango doguz aukeran.
Zirkodomoko saioetara joateko gonbidapena eskatu behar dan arren, ikuskizun guzti-guztiak doban dira. Udalagaz batera, Zirkodomoa eta Beurko-Bagatza Bizirik Jai Batzordea dira jaialdiaren bultzatzaileak, auzoko beste eragile askoren laguntzinoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!