40 urte ezagutza argitaratzen

Bizkaie! 2022-04-22 13:35   Kulturea

Liburuaren Nazinoarteko Egunaren inguruan ospatuko dau UPV/EHU-k urteurrena.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak irakurzaletasuna era berezian sustatzeko asmoz Trukatuz ekimena jarri da martxan. Horren bitartez, hiru campusetan liburuen trukea sustatuko da eta, horretarako, doban eskainiko dira unibersidadeak argitaratutako lanak. Era berean, beste ekitaldi batzuk be izango dira campusetan, besteak beste, bertsoak, musikea edo berbaldiak.

40 urteko ibilbidean, Argitalpen Zerbitzuak punta-puntako lanak argitaratu ditu eta horren lekuko dira bertan argitaratutako lanek jasotako sariak: Hamalau lan saritu ditue. Aitatutako sariez gan, Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako lau seriek eta bildumak FECYTek (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología) ANECAren eta UNEren laguntzaz atontzen dauen Akademiako Edizinoaren Kalidade Zigiluak (CEA-APQ) jaso ditue.

Nazinoartean autortutako profesionalizazino-baldintzak beteten dituen Espainiako argitalpen zientifikoak identifiketea eta autortzea dabe helburu kalidade- zigilu horreek. 2016. urtetik aurrera, gure serieak eta bildumak Book Citation Index-ean dagoz, liburu zientifikoen indize ospetsuenean. Bereizgarri horreei esker, argitalpen zientifiko asko modu garrantzitsuan kokatu dira merkatu nazionalean eta nazinoartekoan. Eta Espainiako aldizkari zientifikoen kalidade editoriala eta zientifikoa ebaluetako kalidade-zigilua lortu dabe guk argitaratutako bederatzi aldizkarik: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak euskeraz sortu eta idatzitako lan zientifikoen zabalkundean jokatzen dauen zeregina azpimarratu nahiko neuke, adierazo dau Juncal Gutierrez Mangado Euskera, Kultura eta Nazinoartekotzearen arloko errektoreordeak. Gainera, euskeraz idatzitako lan zientifikoen argitalpenean, Argitalpen Zerbitzua aitzindaria dala esan dau.

Berrogei urteotan Argitalpen Zerbitzuaren emoitzei erreparauta, bertako erregistroetan oinarrituta 4.686 lan argitaratu ditue, besteak beste, liburuak eta aldizkariak. 2021ean, argitaratutako lanen % 52,15 gaztelaniazkoak izan dira eta % 44,22 euskerazkoak. Euskeraz eta gaztelaniaz publiketeaz gan, ingelesez be argitaratu ditu lanak Argitalpen Zerbitzuak baina frantsesez, italieraz, latinez, portugesez eta alemanez be argitaratu dau, baita grekoko edo errusierazko testuak dituen lanak be.

Ekitaldi nagusia apirilaren 25ean astelehenean izango da 12:00etan Bizkaia Aretoan:

• Miren Ibarluzea, Kulturaren arloko zuzendari andrearen ondoetorri berbak.

• Argitalpen Zerbitzuaren ibilbidea Elisabete Alberdi, Argitalpen Zerbitzuko zuzendari andrearen eskutik.

• Ponentzia Mª Isabel Cabrera, UNEren lehendakari andrearen eskutik. Ponentziaren titulua: Luces y sombras de ser un editor universitario del siglo XXI.

• M. Juncal Gutierrez, errektoreorde andrearen hitzaldia.

• Ekitaldiaren amaiera Eva Ferreira, Unibertsitateko errektore andrearen eskutik.

• EHUorkestraren kontzertua.

Informazino gehiago hemen

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak taldearen hasierea

1981eko abenduaren 29an, Ikerketako Errektoreordeak, José Luis Ramirez Ortizek, UPV/EHUren argitalpen-politika bat ezartzeko beharrari buruzko dokumentua sinatu eban. Gregorio Monreal zan orduan Euskal Herriko Unibersidadeko errektorea. Unibersidadearen eginkizunetako bat zan Unibersidadeko fakultade eta eskoletan egiten zan lana zabaltzea. Dokumentu horretan aitatzen dira argitaratzeko modukoak izan eitekezan lanak, besteak beste, errentagarriak ez izateagaitik enpresa komertzialek editauko ez zituen lanek lekua izan eikiela nabarmentzen da. Doktorego-tesiak eta lizentziatura-memoriak; bertoko irakasleek idatzitako eskuliburuak eta testu-liburuak; askotariko argitalpen orokorrak (memoriak, ikasleentzako gidak, beka eta laguntzei buruzko informazioa...). 1981eko dokumentu haretan aurreikusten zan euskeraz sortutako materialak izango eban gehikuntzea eta Argitalpen Zerbitzuak hareei bide emon eikiela. Euskereagaz lotuta, euskal ikasketei buruzko programak ezarrita zituen atzerriko unibersidadeetako sailakaz lanean jarduteko espazio interesgarri legez be ikusten zan.

1982ko urtarrilaren 19an egin zan Gobernu Kontseiluan jorratu eben Argitalpen Zerbitzua sortzearen gaia. Bilera haretan onartu eben Argitalpen Zerbitzua sortzea, baita Argitalpen Kontseilua osotuko eben bederatzi kideak be.

Argitalpen Zerbitzuak hamar zuzendari izan ditu: José María Rivera Pomar, José Luis Melena Jiménez, Joakin Gorrotxategi Txurruka, Francisco Javier Corcuera Atienza, Juan Igartua Salaberria, Javier Duoandikoetxea Zuazo, José Ignacio Armentia Vizuete, Teresa Agirreazaldegi Berriozabal, Leire Escajedo San Epifanio eta Elisabete Alberdi Celaya.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu