Aitor Etxebarria: 'Jenteagana heltzeko kanal on-ona da musikea'
2022-04-25 08:01 BarriketanMusikagilea.
Aitor Etxebarriak Gernika 85 sortu dau, bere ibilbideko lehenengo obra sinfonikoa, uriaren kontrako bonbardaketearen 85. urteurrena gogoratzeko. Bilboko Euskalduna Jauregian estreinauko dau obrea, bagilaren 30ean, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Gernikako Gaudeamus Korala lagun dituala. Grammy Sari bi irabazita dituan Evelyn Glennie perkusionista eskoziarra be proiektuaren parte da.
Asteon Gernikako Bonbardaketearen 85. urteurrena beteko danez, eguenean, apirilak 28, saio berezia eskainiko dau Aitor Etxebarriak Lizeo Antzokian (19:00), Gernika 85 proiektua aurkeztu eta herrikideen aurrean obra sinfonikoaren aurrerapentxu bat egiteko. Gerreak titularretara salto egin dauen sasoiotan, Etxebarriak bere ekarpena musikearen bidez egin nahi dau memoriaren eta pakearen alde.
1.- Musikearen alor ugari jorratu dozuz eta, oraingo honetan, obra sinfonikoa dakarzu. Zure ibilbidean beste pausu bat da?
Nik beti esaten dot ikasten nabilela, bizitzea ikasketa baten moduan ikusten dot. Azkenaldion zinemarako musikea egiten ibili naz batez be, eta ensemble txikientzako lanak be bai, laukoterako edo hamabi personako taldeentzat. Baina orkestra osorako obraren bat egiteko gogoa neban. 2017an, Gernikako Bonbardaketearen 80. urteurrenerako, Markak dokumentalaren musikea egin neban, instrumentu asko sartuta: sokak, haizea, piano asko... Eta azkenik, Gernika 85 honetan egin dot orkestra oso-osorako lan bat, nire ibilbidean preparetan joan naz momentu honetarako.
2.- Markak filmeko musikea Gernikako Bonbardaketeagaz lotuta egoan, eta Gernika 85 be bai. Bata bestearen aurrekari izan zan?
Modu inkontzientean, Markak egin nebanean hasi ziran agertzen oraingo obra sinfonikoaren kimu batzuk. Dokumentalean bertan ez horrenbeste, baina ondoren, soinu-bandea munduan zehar aurkezteko modua izan genduan, New Yorken, Madrilen, Berlinen eta beste leku askotan. Bira horretan bariazino barriak agertu ziran, eta konturatu nintzan obra bat sortu behar nebala, dokumentaletik apartekoa. Gernika 85-eko bigarren mobimentua, esate baterako, Markak-eko doinu baten oinarrituta dago, baina beste zatiek ez dabe zerikusirik. Esango neuke obra diferente bi dirala, bakotxak bere izakerea dau, baina kointzidentzia batzuk daukiez.
3.- Zu zeu gernikarra zara eta familiakoek 1937ko erasoa bizi izan eben. Alderdi intimoan eragin deutsun obrea da Gernika 85?
Ahalegintzen naz alderdi personalak pisu handiegirik ez izaten. Beharbada, obra hau urteetan zehar joko dabe beste orkestra batzuek, beste uri batzuetan, eta hori kontuan izan behar da. Bestetik, ni gernikarra izanda, ilusinoa be egiten deust era honetako proiektu bat egiteak. Azken baten, Gernikan pasautakoa bertoko batek artearen bidez zabaltzea garrantzitsua da, ganera aitita eta amuma bonbardaketatik hur egon ziran eta hori beti da berezia. Baina pisu personal hori kentzen ahalegintzen naz, larregi ez pentsetan, obra artistiko libreago bat egiteko.
4.- Gernikako Bonbardaketearen lekuko izan ziranen ahotsak sartu dozuz, horreek dira obrako berba bakarrak. Ze zeregin beteten dabe orkestrearen eta koruaren doinuen artean?
Modu normaletik kanpoko erabilerea emotea izan da asmoa, alderdi artistikotik be interesa izan deien lekukoen berbek. Berez, Gogora Institutuak Bakearen Museoan grabautako berbak dira, eta artxibo hori erabilteko subertea izan dogu, baina ikutu artistikoa emonda: partituren parte dira.
5.- Obra sinfonikoaren ezaugarriak zeintzuk dira?
Nire musikan, azkenaldion, soinu lakarrak erabili izan dodaz sarri, deserosoak, sonoridade berezidunak. Orkestreagaz eta koruagaz horri eutsi nahi izan deutsat. Koruaren parteak, esate baterako, ez dauka letrarik, soinu guturalak eta onomatopeiak dira. Bestetik, isiluneak be inportanteak dira nire musikan, eta hori orkestra bategaz lantzea gozamena da: momentu batzuetan baju-baju entzuten da eta, halako batean, burrunbada itzela sartzen dogu, isilune eta zarateagaz olgetan dogu alderdi estetikoan.
Ahalegindu naz estetika garaikidedun obrea sortzen eta nire nortasunaren parteak izan deiazala. Ikutu abstraktua be badauka, ez dira sinboloak eta momentuak modu garbian azaltzen. Egin leitekez, adibidez, musikearen bidez hegazkinen soinuen modukoak, edo tinbalakaz bonbak. Baina nahiago dot zeozer garaikideagoa egin, ez hain konkretua. Delirioak asko dagoz. Entzule bakotxak bere interpretazinoa egitea da bilatu dodana.
6.- Evelyn Glennie perkusionista eskoziarra be batu da proiektura. Gorra da bera, baina gorputzaren bidez inork baino hobeto transmitiduten ditu soinuak, zelako esperientza da beragaz lan egitea?
Bere ibilbidea sinestezina da, musikan ni baino maila bat gorago dagoala esango neuke, beraz, plus moduko bat da obra honetan. Oholtzan lan egiteko modua, profesionaltasuna, nabarmenduko neukez. Ganera, gorra izanda, ikustekoa da zelan igarten dituan soinuaren frekuentziak gorputzean. Amesa da beragaz lankidetzan ibiltea, perkusino klasikoa ikasi neban nik urte batzuetan, eta Evelyn Glennieren metodoak lantzen genduzan.
Bestetik, esan behar dot mundu guztia errespetu handiz tratetan dauela. Ni haren etxean egon nintzan Londresen eta pentsau, Grammy Sari bi daukazan persona bat da, Londresko Olinpiar Jokoen hasierako ekitaldian parte hartu eban, ospetsu-ospetsua da... Eta zelako errespetuz hartu ninduan bere etxean! Jakintza ikaragarria dau eta errespetu handia be bai, lan egiteko gozamena da.
7.- Gernika 85 gerreak dakarren hondamenaren erakusgarri da. Ukrainakoaren kontura, gerrak eta bonbardaketak albistegien lehen lerrora bueltau diran ezkero, ez dau gaurkotasunik galdu zuen aldarriak.
Bai, inpaktua izan da ni hau lantzen nabilela Ukrainako guztia etortea. Nik neuk lagunak daukadaz Kieven, han bizi dira. Bide edo tresna asko dagoz gerreaz berba egiteko, eta jenteagana heltzeko kanal on-ona da musikea, eta artea orokorrean. Politikaz eta ideologiez ez dau ulertzen musikeak. Memoria ez daiten desagertu, jazotakoari bizirik eusteko, erreminta bikaina da. Gernika 85-en asmoetako bat hori izan da hasieratik, hau da, neure kanalak erabiltea Gernikan pasau zanaren memoria gordeteko. Halako gauzak, ganera, momentuko jazoeratik harago doaz, urteetan ixten dabe arrastoa. Orain Ukrainan ikusten gabizanak erakusten deusku behin eta barriro bueltetan garela gerrara, ziklikoa da.
Txarrena da herriak sufriduten dauela. Agintariek ez horrenbeste, herritarrek sufriduten dabe gerrearen kaltea eta horrek izorratzen nau. Ukrainako kasua, ganera, mediatikoa danez, esan leiteke Gernika 85 obreak beste dimensino bat hartu dauela ezustean, nahiko neuke gure ahaleginak zeozertarako balio izatea. Hondar garautxu bat da guk ipinten doguna, badagoz gu baino ausartagoak diranak eta Poloniako mugara laguntzen doazanak, baina guk hemendik be ekarpentxua egin gura dogu geure lanak eta abilidadeak erabilita. Urteetan lanean dabizanak be ez dodaz ahaztu nahi, Gernikako Lobak, Gernikatik Mundura, Gogora... Nik neure partetxua jarten dot obra honegaz.
8.- Euskaldunan bagilean gozau ahal izango dogu obra sinfoniko osoaz, baina apirilaren 28an, eguenean, aurrerapen saioa egingo dozu Gernikan bertan. Zer ikusiko dogu Lizeo Antzokian?
Gernika 85-eko laugarren mobimentuaren zati bat interpretauko dogu. Bideoak eta argazkiak be erakutsiko doguz, obrea zelan sortu dan azaltzeko, Londresen egon ginanekoa Evelyn Glenniegaz lanean... Obra sinfonikoaren beraren zati asko ez doguz joko, horretarako orkestra eta koru handiak beharko geunkezalako, baina beste pieza batzuk jo eta kantauko doguz. Biolontxeloa eta pianoa bai, egongo dira. Kontzertu berezia izango da, pentsetan dogulako Gernikan be zeozer berezia egin behar dala.
9.- Gernika 85-ek lanpetuta izan zaitu azkenaldion, baina telesail eta film ugaritako soinu-bandak be sortu dozuz. Gustora hartu dozu bide hori?
Eroso sentiduten naz eta asko nabil ikasten. Nire helburuetako bat izan da, betidanik, zinema munduan ibilbidea egitea eta orain nabil horretan. Netflixeko telesail baten musikea amaitu barri dot, aurten estreinauko da, Intimidad da izenburua. Gero badatoz beste proiektu batzuk, oraindino ezin dot argitu zeintzuk diran, baina zinemeagaz lotuta dagoz.
Horrezaz gan, buruan dodan beste asmo bat da Gernika 85 kanpora eroatea, beste orkestra batzukaz jotea. Nire lanak sarritan eroan izan dodaz kanpora, adibidez, bonbardaketearen 80. urteurrenean New Yorkera joan ginan Markak erakusten. Obra sinfoniko hau hartzen dabilen dimensinoa kontuan hartuta, uste dot zentzunezkoa litzatekeela hemendik kanpo be eroatea. Eñaut Elorrietaren diskoa produziduten be banabil, topera nabil, hurrengo hileetan be lanpetuta ibiliko naz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!