Herritarren 1.200 eskari aurkeztu ditue Nafarroako Gobernuaren egoitzan

Bizkaie! 2022-04-22 08:49   Euskerea berbagai

Arlo publikoan euskerearen erabilerea gitxituko dauen dekretua txarretsi dau Behatokiak.

Agurne Gaubeka eta herritar talde bat, Nafarroako Gobernuaren egoitzan (argazkia: Behatokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Nafarroa osotik joandako hainbat herritar agertu dira, administrazinoan lanpostuak beteteko merezimenduen balorazinoa arautzen dauen Foru Dekretu barriaren zirriborroak dakarren atzerapausua salatu eta jentearen 1.200 eskari eta keja aurkezteko.

Eremu publikoan euskerea erabilteko aukerak gitxituko dira Foru Dekretu barria onartu ezkero, Behatokikoek ohartarazo dabenez. Euskerearen Legeak ezarritako eremu euskaldunean eta eremu mistoko lanpostu publiko gitxi batzuetan baino ez litzateke balorauko euskeraz jakitea. Ganera, eremu euskalduneko lanpostu publikoetan be, deialdi batzuetako merezimenduen atalean euskereak % 20 arteko pisua izatetik gehienez %10 izatera pasauko da.

Horrek euskaldun guztien hizkuntza eskubideetan eragingo leukela dino Behatokiak, izan be, ezagutzearen balorazinoak eragin zuzena dau herritarrei zerbitzu egokia emoteagaz. Lanpostu publikoetan euskerazko zerbitzua emoteko beharrezko neurriak ezarri ezean, ondorengo hamarkadetan nafar askok ezin izango dabe arretea euren hizkuntzan jaso.

Gaur egun be, Nafarroako erakundeakaz euskeraz komunikau ahal izateko arazo handiak ditue herritarrek. Hori agirian ixteko eroan ditue 1.200 keja eta eskariak Gobernuaren egoitzara. Agurne Gaubekagaz batera, Nafarroako hainbat eskualdetako herritarrak joan dira: Ainara Iparragirre, Ainhoa Jauregi, Juanja Iturralde, Itxaso Telleria, Ander Loiola eta Aimar Jusue.

Hizkuntza eskubideen urraketak alor ugaritan jazo dirala erakusten dau 1.200 kejako zerrendeak. Arreta presentziala zein telefono bidezkoa euskeraz jasotea ez da ohikoa, Nafarroako Gobernuaren ezein sailetan. Gauza bera posta arruntez, elektronikoz edo sakelakoaren bidez jasotako mezuetan be.

Bestetik, Foruzaingoagaz edo larrialdietako zerbitzuakaz euskeraz berba egin nahi izan ezkero be, traba ugari topau ditue herritarrek. Mediku edo osasungintzako profesionalen kasuan be, ez da erraza euskerazko arretea emongo dauenik topetea.

Egoera zehatzak salatzen dituen eskariez gan, diskriminazinoaz ohartarazoten daben idatziak be batu ditu Behatokiak Gobernuari bialdutako zerrendan. Herritar batzuek dinoe diskriminatzailea dala administrazinoagaz euskeraz egiteko aukerak gitxitzea. Salatzaileen artean dagoz euskeraz ez dakien nafar batzuk be.

Azkenik, Euskalgintzearen Kontseiluak maiatzaren 7an Foru Dekretuaren edukien kontra eta hizkuntza-eskubideen alde egingo dauen manifestazinoagaz bat egin dau Behatokiak, eta Nafarroa osoko herritarrei parte hartzeko deia egin deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu