Skakeitan taldeak bira bereziari ekingo deutso Senperen

Bizkaie! 2022-04-21 09:06   Euskerea berbagai

Kimua Jantza Kolektiboak GenEroa euren azken lana taularatuko dau.

Pandemiak eragindako gorabeherak gorabehera, urte biko etenaren ostean dator Herri Urrats. Indarrak barrituta, urtero legez, jai giroa izango da nagusi eta aurten programazinoari jagokonean indar berezia egin dabe atontzaileek kalidadeko programazinoa atonduz. Aurten be 4 gune nagusi atondu ditue ekintza gehienak egiteko:

Araba Gunea

Umeen txokoa izango da Araba Gunea eta eszeneak be indar berezia izango dau. Aurten arabako eszenan ondoko talde honeek topauko ditugu: Pauline eta Juliette, Mutxikoak, Kilimak, Albosax, Xiberoots, Astobaba eta Trikidantz erromeria taldea. Kontzertuak 10:00etan hasiko dira eta 20:00etan amaitu.

Lapurdi Gunea

Jan-edanari lotutako gune honetako eszenan: Artxeroak eta bertsolariak topauko ditugu. Eta Bazkariak alaitzeko Nat eta Watson ibiliko dira hara eta hona.

Nafarroa Gunea

Lizeoko ikasleez osotutako Laparrak taldeak edegiko dau gunea. Ondoren etorriko dira Aho zakil Konekxion eta Aguxtin Alkhat.

14:00ak aldera, Donostiako Skakeitan taldeak joko dau, bira bereziari ekinez. Ostean Arrasateko Des-kontrol taldearen txandea izango da. Urte batzuetan ixilik egon ostean, euren 25. urteurrena ospatzeko atondu daben birearen lehen data izango da Herri Urratsekoa. Arrasateko taldearen ostean Willis Drummond taldea agertuko da oholtzan. Nafarroa eszenara azkenak igoten Aguraingo Dupla bikotea izango da, baserri giroko musika urbanoa egiten dauen taldea, 2019tik Euskal eszena hankaz gora jarten dabilen bikotea. Oso gitxi jo dabe Iparraldean, eta zer esan handia emongo dabe.

Gipuzkoa Gunea

Herri Urratsek badau gune berezi bat, beste ikastolen jaiak ez dabena eta gune edo eszena hori jantzearena da. Aurten be jantza saio ugari izango dira Gipuzkoako eszenan eta amaieran musika talde bi. Gipuzkoa gunea Estitxu Robles kolegioko gazteek edegiko dabe. Dantzaz konpaniagaz egindako ikastaldiaren emoitzea erakutsiko dabe Herri Urratsen. Ondoren K-balet, Herri Urrats Kantuz, Wazza Panda Famili, Topa Noka eta jantza erakustaldiakaz amaitzeko Kimua Jantza Kolektiboak GenEroa euren azken lana taularatuko dabe.

Kimuak jantza kolektiboaren ostean, Tristan Murgi abeslariaren eta ZEZE taldearen saioakaz emongo jako amaierea Gipuzkoako eszenako programazinoari.

Helburuak

Herri Urrats 2022ko helburuen artean, Seaskak bosgarren kolegio bat edegi gura dau Senperen eta 2023 ikasturte hasierarako prest egotea.

Kantua

'Itzulera' - ZETAK & Erramun Martikorena

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu