Ereñozar, Urdaibaiko Erreserbearen ikuspegi preziadua

Amaia Larruzea 2022-04-13 12:35   Ibilian-ibilian

Ereñotik igotea dogu aukerarik ezagunena eta errazena.

Eguraldi onaren bila gabiz, eguraldi onaren gogoz. Eta zer hoberik, eguzkia geure ingurura hurreratzen danean, kostaldeaz eta mendiaz, biak batean gozetea baino? Atxarreko San Pedro dogu ikuspegirik ezagunenetako bat Laidako kanpingetik igotean edo Akordatik hastean, baina berau ezaguna izanik be, badogu beste mendi bat, leku guztietatik ikusi geinkena. Berezia da, baita urrunetik begiratuta be, tontorrean baseleizatxu bat dauela atzemon geinkelako.

Olentzeroren etxea, holan ezagutu dot nik Ereñozarreko San Miguel txikitatik, eta horixe zan nire ustea eta nire amesa; hain zuzen be, berau zala Olentzeroren gordeleku. Magia berezia dauela esango geunke, dauen formeagaitik, ikuspegiagaitik eta Urdaibai Biosferearen oparietako bat izateagaitik. Edozelan be, itzela da, plan bikaina, metro gitxitara igoteko aldatz ederra daukagulako, danon mailarako aproposa, hartzen dogun abiadurearen araberakoa, eta goian lasaitasuna topauko dogulako.

Ereñotik igotea dogu aukerarik ezagunena eta errazena. Halanda be, posible dogu Santimamiñetik edo Gautegiz-Arteagatik be Ereñozarrera igotea. Ereñon bertan, herri txikia izanik, ez dago kotxe askorentzako leku nahikorik, baina, aurreko batean jaubetu nintzanez, hainbat aparkaleku handi zabaldu ditue orain, herriaren erdigunean bertan. Seinaletxu bat dago, argazkiotan doguna hain zuzen, bidea nondik dan argitzen deuskuna, eta, beraz, ez dogu galbiderik izango.

1600. urtea baino lehenagokoa da tontorreko baseleizea, eta Ereñoko eleiza lez erabili ohi zan. Adituek ez dakie noizkoa dan zehaztasunez, baina badirudi aztarnak topau zirala, Alfonso I.aren garaikoak (1104-1134). 1409. urtean suntsitu ei eben bandoen arteko lehiaren ondorioz, eta gerora, lan mardula egin dabe bertako anaitasunek, ermitea barriztau eta egun dogun opari magiko honetaz gozau ahal izateko. Igon daigun, ba, Ereñozarreko gailur txiki baina eder honetara, Euskal Herriak dauen biosfera erreserbarik preziaduenaren ikuspegi parebakoaz gozau ahal izateko, lagun artean, familian edota bakardade gozoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu