Euskerearen herria bizirik dagoala erakutsi dau 22. Korrikak

Bizkaie! 2022-04-11 13:29   Euskerea berbagai

AEK-k dino amaitu barri dan edizinoa oso garrantzitsua izan dala.

AEK-koak, Donostian, Korrikaren biharamuneko agerraldian (argazkia: AEK) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lekukoak amaitu dau hamar eguneko bidea Euskal Herriko kale eta errepideetan, baina 22. Korrikaren eragina eta oihartzuna luzaroan geratuko dira euskalgintzan. AEK-ko arduradunak, aurtengo edizinoaren lehenengo balorazinoa egiteko ekitaldian, poz-pozik agertu dira egunotan ikusi eta bizi izan dogun guztiagaz. Alderdi sozial zein ekonomikoan, emoitzak bikainak izan dira.

Korrikako antolatzaile Asier Amondok azpimarratu dauenez, 22. Korrika itzela izan da, azken hileotako lanaren amaiera ederra. Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepideetan jazo dana zinez indartsua izan da, azaldu dau. Korrika egin da, hasteko hori da poz nagusia. Izan be, pandemiagaitik, urtebete atzeratu behar izan dabe. Horregaitik, edizino hau ondo urten izana oso garrantzitsua dala dino.

Ganera, euskaldunen erantzuna be txalotu dau Amondok: helburuetako bat guztiz bete da, euskerearen aldeko kontzientzia eta herri-gogoa hauspotzea. Herri bat gara, euskerearen herria. Aurrera egiteko indarra emon deutso horrek AEK-ri. Inoiz baino argiago dogu Korrika egiten segiduko doguna. Hiru urteko itxaronaldiak euskaltzaleen babesa handitu dauelakoan dagoz AEK-koak, eta horregaitik, edizino hau maitatuena izan dala sumatu dabe, kilometroz kilometro ondoen jagon dana.

AEK-rentzat ez eze, euskal gizarte osoarentzat be herria bizirik dagoala erakusteko tresnea da Korrika. Indibidualismoaren sasoian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskeraz bizi nahi dauela adierazoteko eta, batez be, tresna moduan erabiliko da euskerearen auzian pausu eraginkorragoak egin daitezan.

Era berean, AEK-rentzako babes ekonomikoa be badakar Korrikak. Kalkulu zehatzak egitea falta dan arren, 22. edizinoan ezarritako helburu ekonomikoak bete dirala uste dabe AEK-ko arduradunek, eta beraz, euskerearen irakaskuntzeari ekiteko diru-iturri izaten segidu dau. Helduen euskalduntzea bermatu eta finantzietako pausu sendoak egin dira azken urteotan, baina oraindino be Korrikaren ekarpena behar dabela gogoratu dau Amondok.

Azken baten, AEK-ren eta Korrikaren helburu nagusia helduak euskalduntzen egunero-egunero eragitea da. AEK-ko koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek adierazo dauenez, Korrikaren biharamunean, gaur bertan, euskaltegiak zabal-zabalik dagoz. Euskeraz jakin ez arren Korrikan parte hartzen edo laguntzen daben guztiei dei egin deutse Iribarrenek, euskerea ikasteko pausua egin deien.

Era berean, erakunde publikoentzako eskaria be zabaldu dau Iribarrenek Donostian egindako agerraldian. Korrikaren inguruan, helduen euskalduntzea guztiz doban izateko ekimena ipini dabe martxan, Hitzekin. Danok euskerea doban izenekoa, eta administrazinoaren erabagi ausartagoak behar dira horretarako.

Euskal Herrian euskeraz biziko bagara, helduen artean euskeraz berba egiteko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegien zerbitzua doban jaso ahal izatea be, nabarmendu dau Iribarrenek.

Amaitzeko, AEK-ko guztien izenean, Iribarrenek eskerrak emon deutsez Korrikagaz bat egin daben eta auzolan erraldoi honetan parte hartu daben guztiei. Deskantsau, eta laster buru-belarri ekingo deutsagu 23. Korrika atontzeari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu