Karmele Jaiok irakurri dau 22. Korrikaren mezua

Bizkaie! 2022-04-11 07:58   Euskerea berbagai

Gaurkotasunari egindako erreferentziaz betetako testua izan da.

Amaitu da 22. Korrika, hamar egunez Euskal Herri osoan 2.000 kilometro baino gehiago egin eta gero. Hiru urteko itxaronaldiaren ostean, ekitaldi jentetsua eta hunkigarria izan da aurtengoa, eta Donostian egindako azken kilometroak be horren erakusgarri izan dira: gizarteko eta euskalgintzako eragile ugarik hartu dabe lekukoa, atzean jentetzea dabela, asko donostiarrak eta beste asko kanpotik etorritakoak.

Korrika eguerdi aldean amaitu bada be, ondoren ospakizunak egon dira urian, adibidez, kontzertuak. Eguraldi ona lagun, egun osoan giro bikaina egon da Donostian. Korrikako lehenengo egunetako edurrak eta hotzak ahaztuta, eguzkia eta beroa izan dira azken kilometroetan bidelagun.

Mezuak milazak kilometro egin ditu lekukoaren barruan, hamar egunez, Amurriotik. Donostiako azken ekitaldian, berau irakurtzeko momentua izan da. Karmele Jaio idazleak idatzi dau testua, eta hari egokitu jako entzule guztien aurrean irakurtzea.

Hitzekin leloan oinarrituta, hizkuntza batek berbak baino gehiago behar dauela azpimarratu dau Jaiok, ekitea be garrantzitsua dala. Korrikak berbea gorpuzteko gaitasuna dauela dino, zeozer fisikoa bihurtzeko. Euskereak behar dau hazurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat.

Berbaldian zehar, Karmele Jaiok gaurkotasun handiko erreferenteak aitatu ditu, euskereagaz lotuta. Indibidulismoaren aurrean euskera kolektiboa eskatu dau, eta gerrearen kontra, berbea. Oraintsu hildako euskaltzale handiak be gogoan izan ditu Jaiok: Juan Mari Torrealdai eta Pello Zabala. Aitatu ditu, ganera, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia eta Izaskun Arrue.

Amaitzeko, hauxe bota dau idazleak:

Eta etiketen garaian, ahaztu daiguzan behingoz euskaldun barri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, danok garelako euskaldun barri. Hizkuntza bat egunero hasten dalako, egunero barritzen dalako. Hizkuntza bat ez dalako jaiotzen, egin egiten dalako.

Sinistu daigun euskerea ez dala daukagun zeozer, garen zeozer baino.

Eta atera daigun gure eztarrietatik Mauriziaren irrintzi baten indarraz.

Ekin euskereari, eutsi kateari!

Gora Korrika eta gora euskerea!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu