Umeentzako euskerazko ‘Orkestra lurtarra’ filmaren estreinaldia gaur izango da

Bizkaie! 2022-04-08 13:45   Euskerea berbagai

Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce dira zuzendariak.

Gaur helduko da Orkestra lurtarra zinema-aretoetara. Lotura Films eta Jarraitu Filmak enpresa donostiarrek produzidutako lana Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dabe. Umeentzako animazino-zinemearen aldeko jarduera hau Harkaitz Canoren izen bereko nobelan oinarritzen da eta gogoratu Euskadi Saria jaso ebala horri esker. Eleberria pantaila handira egokitu dabe eta musikearen atalari arreta berezia jarri deutse.

Zineuskadi eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako saila aspalditik dabiz lanean euskal ume-zinemeari bultzadea emoteko, batez be, euskarazkoari eta, horregaitik, umeen sormena eta zinemaz euskeraz eta pantaila handian gozetea bultzatzearen alde egin dabe. Estreinaldi hau dala eta, hiru tailer atondu ditue Musika zineman izenburupean eta hor umeek soinu-bandak film batean dauen garrantzia ikusi ahal izango dabe; horrezaz gan, ikus-entzunezko proiektuen sorkuntza-prozesuari buruz ikasiko dabe. Olgeta eta prestakuntza-saio horreek zapatu arratsaldean Beasainen, domeka goizean Gorbeia Zineman eta domeka arratsaldean Getxon izango dira eta Joseba Beristain konpositore azkoitiarrak emongo ditu.

Sinopsia

Manu umetan Stella Panini pianista handiagaz maitemindu zan eta ha ezagutzea eban ames. Horretarako, Stefano Salegi, gerora manager izango dan personaia ilunaren aholkuari jarraituz, orkestra bat osotuko dau. Baina Manu, ameslariaz gan, bere kabuz doan ‘outsiderra’ be bada. Jenteak ez dau berezitasun
hori ulertzen eta bere instrumentua, erratza, izakera bardinbako horren adierazlea da.

Bitxikeria horreek ez dira orkestrea sortzeko traba izango eta bertan batuko dira urduri dagoanean besapean azkurea sentiduten dauen kontrabaxu-jole bat, haizeak joten dituen eta naturaz gaindiko usaimena daben anaia biki bi, kontratenore bibotedun bat eta triangelua joten dauen perkusino jotzaile bat. Gainera, eskailerearen saioa egiten dauen ahuntz ijito batek laguntzen deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu