Nazinoarteko hamar talde XV. Haizetara jaialdiko lehiaketan

Bizkaie! 2022-04-08 12:51   Musikea

Bagilaren 24tik 26ra egingo dabe kale musikarien topaketea, Zornotzan.

La Marmaille Post Fanfare, lehiaketan parte hartuko dabenetako bat (argazkia: Haizetara) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kaleko musikarien uriburu bihurtuko da Zornotza bagilaren 24, 25 eta 26an, XV. Haizetara jaialdiari esker. Amorebieta-Etxanoko Udalak azaldu dauenez, dagoeneko aukeratu ditue nazinoarteko lehiaketan parte hartuko daben taldeak. Mundu guztiko hainbat herrialdetako 40 banda aurkeztu dira, eta antolatzaileek hamar aukeratu ditue.

Lehiaketako parte-hartzaileen artean danetarikoa dago, jatorriz, estiloz zein izaeraz. Brass erako musikea da nagusi, baina badagoz jazz, balkan edo ezaugarri etnikodun doinuak lantzen dituenak be. Aukeratuen artean dago Euskal Herriko talde bat, Lapurdiko Bokale Brass Band.

Beste bederatzi lehiakideak honeek dira: Bojan Ristic Brass Band (Serbia), Brassass (Argentina), The Gombo Revolution (Frantzia), Steam Brass Band (Espainia), Kamikaze Beat Band (Mexiko), Hip Horns Brass Collective (Katalunia), La Tromba (Txile), Remork&Karkaba (Belgika) eta La Marmaille Post Fanfare (Frantzia).

Hamar talde horreek XV. Haizetara saria izango dabe jokoan. Jaialdia martxan dagoan bitartean, talde bakotxak gitxienez lau emonaldi egin beharko ditu Zornotzako kaleetan. Aurreko urte bietan bertan behera itxi behar izan dabe lehiaketea, pandemiagaitik.

Beste alde batetik, Haizetara Kale Musikarien Nazinoarteko Lehiaketearen 2022ko kartela Sara Estevezek (Txapó Creativos) diseinau dau, eta kaleko kultur jarduerak bueltau dirala agertzea da helburua, pandemiaren ondoren. Bihotz formako musika tresnak eta Zornotzako leku ezagunen formak dagoz kartelean, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu