Ivan Poyato del Rio eta Victoria Trigo, 2021eko euskerazko eta gaztelaniazko irabazleak

Bizkaie! 2022-04-08 07:55   Kulturea

Marijoxe Azurza eta Fernando Aguirre Madariaga izan dira 2020ko Lehiaketako irabazleak.

Zurrumurruen kontra, sartu aterpera kontakizun laburren lehiaketearen sariak emon ditue. Azken edizino bi horreetan, 276 lan jaso dira, besteak beste, Bartzelona, Cadiz, Alacant, Argentina, Kuba eta Kolonbia, bai eta Bilbotik eta Euskal Herriko beste udalerri batzuetatik bialdutakoak be.

Azkuna Zentroko Mediatekako arduradunek urian eta uritik kanpo harrera handiena dauen literatur lehiaketako sariak emon ditue, Bilboko Udalaren ekimena dan Zurrumurruen kontra, sartu aterpera Kontakizun Laburren Lehiaketea.

Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzia izan da ekitaldiaren buru eta sariak emoteko saio berezia izan da, COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz bertan behera geratu diran aurreko urte bietako sariak emon dituelako.

Bilboko Udaleko III. Zurrumurruen kontrako estrategia, Bilbo Kulturarteko Uria ekimenaren barruan dago, diskriminazinoaren aurreko sensibilizazinoaren eta prebentzinoaren arloko lehentasunezko proiektu moduan. Esparru horretan dau eragina kontakizun laburren lehiaketeak. Eta ez lekuan lekuko mailan bakarrik, baita Espainia eta nazinoartean be.

2017an Udalak martxan jarri ebanetik, sormenaren, talentuaren eta kulturearen bidez aniztasuna eta diskriminazinoaren aurkako burruka sustatzeko helburua dauen lehiaketeak eten barik irabazi ditu jarraitzaileak, Urtasunek azaldu dauenez, ekimen honen bidez, migratzaileen ordezkaritza barriak sortu gura dira Bilbon. Topikoak, aurreretxiak eta zurrumurruak bertan behera ixtea. Fake news diralakoen zabalpenean oinarrituta persona eta kolektibo jakin batzuk estigmatizetan dituen diskurso populisten gorakada betean gagozanean. Horretan guztian Internetek eta sare sozialek oso leku garrantzitsua beteten dabe. Horregaitik, oinarrizkoa da informazio jakin batzuk indarbakotzen dituan diskurso alternatiboa sortzea, idazketa sortzailea, adibidez.

Alasne Martinek, Ane Lezamak, Mónica Crespok, Teresa Venutik eta Xabier Aierdik 2020ko edizinoan eta Alasne Martinek, Andoni Hidalgok eta Gotzon Plazak 2021ean osotutako epaimahaikideek adierazo dabe aurkeztutako kontakizunak oso ondo egokitzen jakezala proposamenaren eta deialdiaren helburuari, bai eta literatura-konposizinoaren erronkeari be, kontakizunen garapenari eta argumentuei jagokenez sensibilidade eta esangura kritiko handia eskatzen dauelako.

Epaimahaiak ipuinen argumentu-originaltasuna eta migrazinoaren, kultura-aniztasunaren eta ahotsen eta erregistroen aberastasun handiko bizi-ibilbideen fenomenorako hurrreraketa narratiboen aniztasuna nabarmendu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu