Bizkaia mendebaldetik ekialdera zeharkatu dau 22. Korrikak

Bizkaie! 2022-04-08 08:36   Euskerea berbagai

Ondarroa izan da azken herria, Gipuzkoara pasau aurretik.

Jente piloak egin deutso ondoetorria 22. Korrikari Bizkaian, baina atzo, eguena, izan eban azken eguna herrialdean, Gipuzkoako lurretan azken txanpeari ekin aurretik. Aurreko egunetan lez, jente piloa batu zan errepide eta kaleetan lekukoaren atzetik, Bizkaiko eskualde guztiak euskerearen alde dagozala adierazoteko.

Uribe Kostako herrietan ibili eta gero, atzo goizean Bizkaiko mendebaldetik ekialderako bideari ekin eutsan Korrikak. Herri txiki zein handietan, baso, zelai, auzo zein industria eremuetan, lekukoaren inguruan giro bikaina egon zan egun osoan. Ume, gazte zein helduek hartu eben parte.

Goizeko herri nagusiak Mungia eta Bermeo izan ziran, bazkalostean Gernikara heltzeko asmoz. Uriko giro kultural eta sozial biziaren erakusgarri izan ziran Gernikako korrikalarien pankarta, elastiko eta bestelakoak. Ondoren, Euskal Herriko eremurik euskaldunenean sartu zan Korrika.

Eatik Lekeitiora bideko bihurgune eta aldatzek ez eben jentea ikaratu, eta herri guztietan harrera beroa egin eutsen lekukoari. Ilunpean heldu ziran korrikalariak Markina-Xemeinera, Artibai ibaiaren ertzean behera Ondarroara joteko asmoz. Aurtengo Korrikak, Bizkaiari agur esan, eta Mutrikutik sartu zan Gipuzkoan. Gau eta goizalde osoa pasau dau herrialde horretako kostaldean.

Gaurko eguna be osorik Gipuzkoan egingo dau lekukoak, gauean Nafarroara pasau arte, Leitzatik. Azkoitia, Azpeitia, Urretxu, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Tolosa eta abar dira barikuko egitarauko herri nagusiak.

Ez ahaztu, 22. Korrika Donostian amaituko dala apirilaren 10ean, domekan.

Argazkiak: Korrika.eus

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu