Joseba Tapiarentzat da 2022ko Adarra Saria

Bizkaie! 2022-04-07 12:38   Musikea

Bagilaren 21ean emongo deutse Marijose Rekaldek egindako oroigarria.

Musikearen eta euskal kulturearen munduan dauen ibilbide luzeagaitik eta tradizinoa jagon zein gaurkotzeagaitik egin dauen ekarpenagaitik, Joseba Tapiari emongo deutso Donostia Kulturak 2022ko Adarra Saria. Euskal musikan nabarmendu diran artistei egiten deutse autortza hori, 2014tik.

Aholku Batzordeak emondako eretxian oinarrituta erabagi dabe Donostiako kultur arduradunek Tapia saritzea. EGOko komunikazino arduradun Auria Etxeandia, Jose Joaquin Forcada kazetaria eta Donostia Kulturako Musika arduradun Esther Fernandino egon dira Aholku Batzordean.

Saria emoterakoan, kontuan hartu ditue Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna, herri-musikearen ondarea gorde eta zabaldu izana, hainbat eta hainbat pieza barri sortzeaz bat, bai eta akordeoiak askotariko ingurune eta girotan gaurkotasuna dauela erakutsi izana be.

Joseba Tapiak be adierazpen labur batzuk egin ditu Adarra Saria emongo deutsela jakin eta berehala. Aurretik sarituak izan diran euskal kantari horreen belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentiduten naz. Euskal kantari profesionalak gara eta burrukan gabiz euskerearen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator be, neugaz ibili diran eta dabizan musikari, teknikari eta profesional guztiakaz konpartidu nahiko neuke.

Saria emoteko ekitaldia bagilaren 21ean, Musikearen Europako Egunean, izango da. Egun horretan, ekitaldi berezia egongo da Victoria Eugenia antzokian (19:30), kontzertu eta guzti. Marijose Rekalde eskultoreak egindako oroigarria emongo deutso Eneko Goia alkateak Tapiari eta, ondoren, Egon edo ez egon diskoko doinuak joko ditu Joseba Tapiak.

Oholtzan, musikari ugariren laguntzinoa izango dau: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenorra) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).

Kontzerturako sarrerak salgai dagoz Victoria Eugenia antzokiko leihatilan edo Donostia Kulturaren webgunean, 18 euroan. Personako lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez.

Adarra Sariaren aurreko urteetako irabazleak honeek dira: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera eta Amaia Zubiria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu