Automobilgintzeak arteagaz dauen loturea aztergai Guggenheimen
2022-04-07 08:50 KultureaMaketak, eskulturak eta benetako 40 auto dagoz museoan.
Autoaren ehun urte baino gehiagoko historiak arrastoa itxi dau ekonomian, mobikortasunean, urigintzan eta jentearen arteko hartu-emonetan. Baina artean izan dauen eragina be ez da baztertzekoa, eta gai horri helduta atondu dau Bilboko Guggenheimek urteko erakusketa handienetako bat, Motion, Autos, Art Architecture. Norman Foster Fundazinoagaz lankidetzan egindako erakusketea da.
Izenburuak adierazoten dauen lez, automobilgintzeak arte plastikoakaz eta arkitektureagaz dauen loturea jorratzen dau erakusketeak. Museoko aretoetan ikusi geinkezan ibilgailu, maketa, artelan eta dokumentuen bidez, automobilgintzearen bilakaerea ikusi geinke, barrikuntza teknologikoetatik hasi eta eragin sozial eta kulturaleraino.
Ia hasieratik, autoek eta industria horren aurrerapenek artistak erakarri zituen. Esate baterako, mundu gerren arteko futurismoan eragin sakona izan eban abiadureak eta forma aerodinamikoak. Kontrara, arte abangoardisteak be zeresana izan eban autoen hasierako diseinuetan, arkitekto ezagunakaz kolaborazinoak egitea tartean.
Ikuspegi integratzaile hori kontuan izanda, erakusketeak zalantzan jarten dau disziplina artistiko eta teknikoen arteko bereizketa klasikoa, eta modu bisual zein kulturalean buztartzen ditu autoak eta obra artistikoak.
Hamar ataletan banatzen da erakusketea, bakotxa gai bati lotua eta hurrenkera ia kronologikoan. Badagoz soinu-esperientziadun korridorea, maketen aretoa eta buztingintza gunea be. Hori bai, harribitxia, eta jentearen arretea gehien erakarri dauena, sasoi eta forma guztietako autoen bilduma aberatsa da. 40 ibilgailu ekarri ditue Guggenheimera.
Autoen bildumeari esker ikusi geinke sektoreak ze eraldaketa izan dituan 120 urtean, eta ze lotura dagozan arte plastikoen, arkitekturearen eta automobilgintzearen artean. 1900eko Porsche Phantom-a da ibilgailurik zaharrena. Auto elektrikoen iraultzearen atarian amaitzen da erakusketea, etorkizunera begira.
Bitarte horretan, mundua eraldatu daben modelo bat baino gehiago ezagutu ahal izango dogu: VW Kakalardoak, Mini Cooper-ak, lasterketetako autoak... Horrezaz gan, itxura futuristako prototipoak eta modelo esklusiboak be ez dira falta.
Norman Foster: arkitekturea eta automobilgintzea
Norman Foster Fundazinoa da, duda barik, erakusketearen arimea. Fosterren zaletasunetik eta teorietatik jaiotako bildumea da autoena, eta horrezaz gan, fundazinoak laga deutsaz Guggenheimi Bilbon ikusi ahal izango doguzan agiri eta artelan asko.
Disziplinarteko pentsamendua eta ikerketea bultzatzea dira Norman Foster Fundazinoaren oinarriak, arkitekto, urigile eta diseinatzaileen belaunaldi barrien aitzindari izateko. Arkitekturearen, teknologiaren eta artearen alkarlanean sinisten dabe Fosterrek eta kideek, gizartea hobetzeko bitarteko lez. Fundazinoaren Madrilgo egoitzeak liburutegia eta artxiboa ditu, eta Nazino Batuen Erakundeak Bikaintasun Zentro izendapena emon deutso.
Norman Foster, bestetik, XX. mendearen bigarren zatiko eta XXI.aren hasierako arkitektorik entzutetsuenetako bat da munduan. 1967an sortu eban bere estudioa, eta gaur egun be presidente exekutibo da han. 1999an Pritzker Sari ospetsua emon eutsen.
Bilbogaz be lotura handia dau Fosterrek, bere obra ikonikoen bidez. 1990eko hamarkadan, Bilboko Metroaren sarbideak (fosteritoak) diseinau zituan, baita geltokien barrualdea be. Oraingo honetan, urteko erakusketarik handienetako bat atontzen ezinbestekoa izan da Guggenheimen.
Erakusketearen oinarria eta kontzeptua Norman Fosterrenak dira, baina Guggenheimeko komisario bi, Lekha Hileman eta Manuel Cirauqui, be tartean izan dira, Norman Foster Fundazinoko adituakaz batera.
Motion, Autos, Arts, Architecture irailaren 18ra arte ikusi ahal izango da Bilbon.
Argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa. Autoak, artelanak eta honeen argazkiak Norman Foster Fundazinoaren jaubetzakoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!