Danok Donostiara, 22. KORRIKAren amaierara

Bizkaie! 2022-04-06 10:18   Euskerea berbagai

Lekukoa 12:30erako helduko da.



Boulevard Zumardian amaituko da KORRIKAren edizino honen 2.500 kilometroko ibilbidea, domekan, hilaren 10ean, aurreikusitako baino urtebete geroago. Gipuzkoako uriburu osoa zeharkatu ondoren, Zurriola uribidetik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera ekitaldia bertan izango da.

Hilaren 10eko amaiera-egun handia aurkezteko egin dabe prentsa-agerraldia KORRIKAren arduradunek. Euskal Herriko txoko guztietako jentea hurreratzea gura dabe, Donostiako herritarrentzat nahiz eragileentzat hitzordu ederra izango da, euskerearen auzian lanean segiduteko akulua.

Amaiera ekitaldia Boulevard Zumardian izango da, udaletxearen ondoan. Lekukoa 12:30erako helduko dala aurreikusita dago eta momentu horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren egilea nor dan jakingo dogu eta, jakina, mezuaren beraren edukia be. Ekitaldi nagusiaren aurkezleak Bagera Alkarteak sortutako Atzean Zuloa proiektuaren arpegiak izango dira; esketxotako personaiak gorpuzten dituten aktoreak Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu donostiarrak, hain zuzen be.

Bestalde, azken eguneko arduradunak, Luix Intxauspek, azaldu dau Donostiako jairako dana prest dagoala eta egun osokoa izango dala. Jai handia eta barritzailea atondu dabe auzolanean eta Donostiako antolaketa taldea leku askotan egongo da egitarauan Donostiako kultur eragileen parte hartzea lehenetsiz.

Amaitzeko, ohar bi nabarmendu ditue: Batetik, eraso sexistarik bako eguna izan daiten eta, bestetik, garraio publikoa erabili daian jenteak.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu