Ines Osinagak irabazi dau Joseba Jaka bekea

Bizkaie! 2022-04-06 08:26   Musikea

Osinagak urtebeteko epea izango dau disko bat egiteko.

Ines Osinaga (Gose), Vic-eko Mercat de Música Viva Jaialdian. | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte birik behin Elkar Fundazinoak emoten dauen sormenerako Joseba Jaka bekea Ines Osinagak jasoko dau aurten eta urtebeteko epea izango dau bere sormen lana egiteko, disko bat.

Elkar Fundazinoko buru Joxemari Sors-ek azaldu dauenez, 2016an jarri zan Joseba Jaka bekea barriro martxan eta orduan erabagi zan sormen bekea izatea eta deialdi bakotxean erabagitea zein kultur adierazpidetarako sormena lagunduko dan. Aurreko ekitaldietan literatura eta antzerki sormenerako izan da bekea eta aurtengo deialdia musika proiektuak laguntzeko izan da. Danetara, 18 lan aurkeztu dira.

Itsasoa da bide bakarra proiektua aurkeztu eban Ines Osinagak eta hiru lagunez osotutakotako epaimahaiak erabagi dau aurkeztutako lanen artean, horrek izango dauela 10.000 euroko bekea, urte betean lana egin daian. Epaimahaian egon dira Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategi eta Jon Eskisabel Urtuzaga.

Sara Zozaya eta Jon Eskisabel izan dira agerraldian eta holan arrazoitu dabe bekea Ines Osinagari emotea, Itsasoa da bide bakarra diskoa egiteko: Proiektu bizia da, aldez aurretik zarratuta ez dagoana, sormen prozesuko momentuan momentuko bizipenek, jazoerek eta esperientziek formea emon eta edukiz osotuko dabena. Kontuan hartzeko ezaugarria begitantzen jaku beka baten formatua dauen dirulaguntzea emoterakoan. Proiektu anbiziotsua eta maila artistikoan interesgarria begitandu jaku: Batetik, orain zortzi urte argitaratutako Gosariak diskoagaz joan-etorriko bidaia edo hartu-emon dialektikoa planteetan dau, disko haretako kantuak beste testuinguru batean birsortu eta berrinterpretetea proponiduten dauelako. Bestetik, hamar kantu barri dira, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabautakoak.

Disko bat egitetik haragoko proiektua da, Kubako kulturea, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukerea emongo dauelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, aparteko garrantzia dabe proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti barrien protagonistak eta diskoan parte hartuko daben musikariak emakumeak dira.

Azkenik, proiektuak musikariaren esperientzia eta maila artistiko egiaztatua dakarz.

Bekea jasoko dauen Ines Osinaga agerraldian izan da eta bekeari esker landuko dauen proiektuaren barri emon eta sariak sormen prozesuan sekulako bultzadea emongo deutsola azpimarratu dau: Sormen prozesua ez da erraza izaten, batzuk uste dabe bapateko kontua izaten dala eta ez da holan. Zailtasun eta krisialdi asko izaten da tartean; emoitza ona lortzeko aurretik hamar zirriborro zaborretara bota behar izaten ditut nik behintzat. Esangura horretan, beka honek emoten deustan autortzea oso garrantzitsua da niretzat.

Proiektuaren lehen zatia Kuban jorratu dau, oraintsu Habanan izandako egonaldian. Honek emakume musikari asko eta oso interesgarriak ezagutzeko aukerea emon deutsola aitatu du Inesek eta bertatik jasoten dagoan kolaborazino eta bersinoakaz osotzen joango da lana.

Bekea lortu dauen proiektuak hiru zati dituala aurreratu deusku: Lehena, ikerketa eta sormen lanerako izango da; bigarrnena, materiala lantzeko erabiliko dau eta honen ondoren diskoaren A eta B aldeak atarako dituala nabarmendu dau musikariak.

Amaitzeko, Ines Osinagak eskerrak emon deutsoz Elkar Fundazinoari, Joseba Jaka bekea sortzeagaitik, baita Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategik eta Jon Eskisabel Urtuzagak osotutako epaimahaiari be, bere lana aukeratzeagaitik. Osinagak bere agerraldia Sormena da bide bakarra adierazoz amaitu dau.

Egileak 10.000 euro jasoko ditu eta urtebeteko epea izango dau diskoa egiteko. 5.000 euro jasoko ditu musikariak sormenerako eta gainerakoa Elkar estudioko orduetan emongo da, kantuak bertan grabetako.

Ohikoa dan moduan, bekea emotea maiatzean Elkar Sariak banatzeko ekitaldiaren barruan egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu