Euskerearen aldeko konpromisoa hartu dabe Arratiako 24 enpresak
2022-04-04 10:28 Euskerea berbagaiTurismoa euskalduntzeko eta Lanbide Heziketako praktikak euskeraz egiteko saioak hasi ditue.
Arratiako 24 enpresak konpromisoa hartu dabe euskerearen erabilerea alor sozioekonomikoan bultzatzeko, eta horretarako, eusGara zerbitzuaren tresnak erabili ahal izango ditue, doban. Enpresek, Arratiako Gorbeialdea Landa Garapen Alkarteak eta Zulaibar Lantegi Ikastegiak hitzarmena sinatu dabe Errota Fundazinoagaz. Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, eskualdeko udaletako eta euskalgintzako ordezkariak be izan dira ekitaldian.
Arratiako eremu sozioekonomikoan euskereak aurrera egin deian, hitzarmena balio handikoa izango da. Izan be, sinatu daben 24 enpresetan 1.300 behargin inguru dabiz, eta eskualdeko enpresa-moltsoaren zati nabarmen baten ordezkari dira.
Sektore ugaritako konpainiak dagoz sinatzaileen artean: enpresa industrialak, hornitzaileak, banaketa enpresak, lehen sektorekoak, auto tailerrak, inprentak, ostalaritzea, zahar egoitzak eta garbikuntzea. Handiak eta txikiak dagoz, tartean ehun langile baino gehiagoko hiru (Batz, Ilunbe eta Ormazabal).
Konpromisoa gauzatu ahal izateko, eusGara zerbitzuak era askotako tresnak ipiniko ditu enpresen esku: itzulpenak, hizkuntza aholkularitzea, diru-laguntzinoen kudeaketea eta trebakuntzea. Asmo zehatzei jagokenez, martxan jarri beharreko pilotaje bi aitatu ditue, bata turismoa euskalduntzeko eta bestea Lanbide Heziketako ikasleen praktikak euskeraz izan daitezan bermatzeko.
Orain arte, eusGarako teknikariek enpresakaz banan-bana landu ditue euskerearen erabilerea sustatzeko hainbat bide. Sinatu barri daben akordioari esker sakondu egingo dabe lan horretan, Arratian euskerea bultzatzeko prest dagozan enpresen komunidadea sortuz.
Errota Fundazinoko koordinatzaile Iratxe Goikoetxeak azaldu dauenez, lurraldearen garapenak euskeraz izan behar dauela uste dabe, eta horretarako alkarlana beharrezkoa da. Enpresa honeek guztiek gugaz bat egiteak helburua lortzen lagunduko deusku, ganeratu dau Goikoetxeak.
Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran be ekitaldian izan da. Estrategikotzat jo dau eusGara egitasmoa, eremu ekonomiko pribaduan pausu ausartak egiteko inoizko aukerarik onenean gagozalako. Ibili dabilenaren jakintzearen mezua baliagarria jaku etorkizuneko jarduera ekonomikoa bestela irudikatzeko. Euskeratik be irudikatzeko.
Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbao Kultura diputaduak hartu dau parte Igorren egindako ekitaldian. Akordioaren garrantzia azpimarratu dau: Funtsezkoa da lanerako saltoa ez izatea eten bat euskereari jagokonez. Eskolan, institutuan, lanbide heziketan edo unibersidadean euskeraz ikasi ondoren behar-beharrezkoa dogu horri jarraipena emotea lanean be. Euskerea alor eta edade guztietan erabiltea da giltzarria, guztiontzat eta egoera guztietarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!