Jone Uriak irabazi dau 2022ko Uribe Kostako Txapelketea

Bizkaie! 2022-04-04 09:48   Bertsolaritzea

Giro onean jokatu dira finalaurrekoak eta finala, eskualdeko hainbat lekutan.

Uribe Kostako finalistak; erdian, Jone Uria, txapel eta guzti (argazkia: ALBE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uribe Kostako bertsozaleentzat egun bete-betea izan zan zapatua, apirilaren 2a. Egun horretan jokatu ziran ALBEren 2022ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako hiru finalaurrekoak eta, ondoren, finala. Egun osoko jardunaren ostean, Jone Uria izan zan irabazlea.

Saniko tabernan ekin eutsen egunari lehenengo kanporaketako lau parte-hartzaileek. Imanol Uria izan zan irabazlea, Peru Vidal, Inazio Vidal eta Xabi Sainz de la Mazaren aurretik. Bigarren finalaurrekoan, Patxeko tabernan, Jone Uriak atzean itxi zituan Arrate Illaro, Naroa Torralba eta Aritz Landeta. Azkenik, Villamonte tabernan, Kerman Diaz izan zan nagusi, Unai Mendiburu, Paule Loizaga eta Peio Lagoren aurretik.

Finalerako, Muxikebarrin batu ziran finalistak eta publikoa. Ordurako gaueko 21:30ak bueltan ziran, baina bertsotarako gogoa ez zan apaldu. Sei finalisten artean, Uria neba-arrebak nabarmendu ziran, eta Jone Uriak bere esperientzia aprobetxau eban azken txanpan nebea gainditu eta txapela janzteko. Hona hemen finaleko puntuazinoa:

1.- Jone Uria, 678.

2.- Imanol Uria, 652,5.

3.- Arrate Illaro, 352.

4.- Unai Mendiburu, 346,5.

5.- Kerman Diaz, 327.

6.- Peru Vidal 315.

ALBEkoek esker oneko mezua zabaldu dabe sare sozialetan, txapelketa ederra izan dalako. Eskerrik asko honen antolakuntzan lagundu dozuen gai jartzaile, epaile, laguntzaile eta kide guztioi, zuek egin dozue txapelketa hau posible. Eta azkenik, eskerrik asko Erromon, Gorlizen eta Algortan batu zarien bertsozale guztioi be, eskualdeko plazak bizirik mantentzeagaitik!.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu