Bertsolariek kantuan darabilen hizkerea aztertuko dabe

Bizkaie! 2022-04-01 13:17   Bertsolaritzea

Bost urterako hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiak eta Bertsozale Alkarteak.

Adolfo Arejita, Idoia Trenor, Andres Urrutia eta Beñat Gaztelumendi (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen eta euskal kulturearen sorkuntza, bilakaera, sustapen, transmisino eta ikerketan alkarlanean dabiz Euskaltzaindia eta Euskal Herriko Bertsozale Alkartea, eta zeregin horretan bidelagun izango dira aurrerantzean be, bost urterako sinatu daben akordioari esker.

Alkarlan horrek ekarriko dauen emoitza deigarrienetako bat izango da Bertsolariek kantuan darabilten hizkuntzaren azterketa linguistikoa dalako azterlan sakona, erakunde bien artean egingo dabena. Bertsolariek oholtzan zelako hizkerea erabilten daben jorratuko dabe, horrek alderdi linguistikoan dituan ezaugarriak hobeto ezagutzeko.

Horrezaz gan, hitzarmenak beste zeregin jakin batzuk be aitatzen ditu. Batetik, Ahostegunak zikloa eta Ahots Baten egonaldiak antolatzea; bestetik, EHUren Mikel Laboa Katedreak eta Mintzolak emondako ikerketa-sari bien jarraipena eta zabalkundea egitea. Ikerlanok dira Xabier Leteren prosodia musikalaren alderdi batzuk (Agustin Mendizabal Iturria) eta Bollerak bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak (Maider Arregi Markuleta).

Ganera, euskerearen ezagutzan, erabileran zein haren aldeko sustapenean egitasmoak konpartiduteko konpromisoa hartu dabe. Bertsolaritzea ezagutzera emoteko egitasmoak, monografiak, lehiaketak, ikastaroak, ikerketak, bekak eta abar martxan jarri ahal izango ditue alkarlanean.

Azkenik, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak sorturiko euskerazko edukia erabili leike Euskaltzaindiak, datu-baseak aberasteko. Akademiaren datu-baseok hainbat hedabidek, argitaletxek eta erakundek euskeraz ahoz zein idatziz sortutakoa batzen dabe, corpusaren oinarri izateko.

Hitzarmenaren barri emoteko agerraldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita euskaltzainak eta Bertsozale Alkarteko Beñat Gaztelumendik eta Idoia Trenorrek hartu dabe parte. Erakundeon arteko alkarlanean sakontzea eta alkarregaz euskalgintzan eta kulturgintzan eragiteko gaitasunak biderkatzea da gure nahia, adierazo dabe Gaztelumendik eta Trenorrek.

Urrutiak be akordioaren onurak nabarmendu ditu: Etorkizunerako oinarriak ikusten doguz bertan, euskerea bere osotasunean lantzeko, hainbat sektoregaz batera. Bertsozale Alkartearen testuak jasoteko aukerea baliatuko dogu, aurrerantzean ahozko literaturea be presente egon dadin euskerearen estandarizazinoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu