Gari & Maldanbera zuzenean barriro
2022-04-01 09:36 MusikeaBagilaren 3an, Lazkaon joko dabe.
Gari esatea estiloa esatea da, botere eszenikoa, sensibilidadea nota bakotxean. Gari esatea kontzertu ederrak esatea da. Egun batez heroi sentiduten ginan kontzertu hareetan eta, Bowie-k kantetan eban legez, eten barik kalean egoteko egunak ziran, probetako, esperimentetako, harri berean topez egiteko eta barriro altzetako gogo biziko egunak.
Ziper-en rock-ean hasi, Hertzainak-en eztanda erradikal/tropikala ezagutu eta, gero, hogeita hamar urtez bakarkako ibilaldia egin dau Garik.
Gari esatea historiarako geratu diran kantu ederrak esatea be bada: Amets, Esperantzara kondenatua, Amapola, Eguzki Berritan Zaude, Zaharra Zara Bilbo. Buelta eta errebueltako garai honeetan, barriro be errepidera bueltauko dala iragarri dau Garik, lau kontzertu, hain zuzen be:
- Bagilak 3: Lazkao - Areria antzokia.
- Bagilak 7: Bilbo - Arriaga Antzokia.
- Bagilak 10: Algorta - Muxikebarri Antzokia.
- Bagilak 17: Bergara - Seminarixue.
Gariren zuzeneko lehenengoa izango da eta abentura honetan, Garik Maldanbera izango dau lagun:
Alex Alonso: bateria eta programazinoak.
Oier Aldekoa: baxua, tekladuak eta ahotsak.
Miguel Moyano: gitarra, tekladua, programazinoak eta ahotsak.
Unai Mimenza (soinu-teknikaria) eta John Luhman (argiak).
Lau kontzertuak zuzenean grabau eta material horregaz zuzeneko diskoa plazaratzea da asmoa. Ezustekorik ezean, 2022ko Durangoko Azokan argitaratuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!