Eliane Elias pianistea, Snarky Puppy eta James Brandon Lewis Gasteizen
2022-04-01 08:26 Musikea45. Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdia, garagarrilaren 13tik 17ra.
Mendizorrotzan, besteak beste, Eliane Elias pianistea, Snarky Puppy eta James Brandon Lewis agertuko dira. Atontzaileek musikari gehiago ekarriko ditue, Teatro Principal Antzokiko arratsaldeko kontzertuetarako zein Mendizorrotzan, gauez egingo diran kontzertuetarako.
Eliane Elias pianisteak Chick Corea gogorarazoko deusku, igaz hil zana eta Vitoria-Gasteizko entzuleek gehien maite eben musikarietako bat. Brasilgo interpreteak, Mirror mirror bere azken lana aurkeztuko dau, Chick Corea mitikoagaz eta Chucho Valdés kubatarragaz grabautakoa. Disko hau 2022ko Grammy sarietarako izentauta dago jazz latinoko disko onenaren atalean.
Eliane Elias (Sao Paulo, 1960) pianistea konpositorea eta abeslaria izateaz gan, jazz ortodoxoenari, musika klasikoari edo Hego Amerikako musika herrikoiari aurre egiteko kapaz da. Inprobisetako erraztasun handiz eta teknika bikaina erabiliz, omenaldia egingo deutso Mendizorrotzako agertokian hainbestetan azaldu zan idoloari.
Beste alde batetik, azken urteetako kritikarien zein zaleen zerrendetako buru izan dan taldea be Gasteizen izango da: Snarky Puppy, hain zuzen be, txandakako 25 musikarik osotzen daben taldea. Michael League baxu-jotzaile eta konpositoreak sortu eban 2004an, Texaseko Iparraldeko Unibersidadeko Jazz Ikasketen programako lagun talde lez hasi zan eta hiru urte aurrerago, Dallaseko gospel eta R&B komunitateagaz ezusteko topagune batek erritmo funkyagoak emon eutsozan musikeari. Talde honek arraza eta hizkuntza ugaritako Ipar Amerikako musika-kultureak dauen aukera zabala irudikatzen dau. Royal Albert Hall-en emondako zuzeneko azken grabazinoagaitik, igaz album instrumental garaikide onenaren Grammy saria irabazi eban.
Jazza Antzokian
Aurrez iragarritakoari eutsiz, Yessaï Karapetian (Rising Stars Jazz Award sari ospetsuaren azken edizinoko irabazlea) pianista eta konpositore armeniarraren presentziaz gan, Jazz Jaialdiak beste izar bat erakarri dau: James Brandon Lewis, momentu honetan nabarmenena dan saxo tenorea. James Brandon Lewisen kontzertua garagarrilaren 15ean izango da Teatro Principal Antzokian. Jazz Times aldizkariak egindako inkestearen arabera, 2021eko saxo tenore onena da eta bere talentuari esker barrikuntzearen munduan sartu da eta bere album Mollecular izenekoak hainbat goraipamen jaso ditu. Publikoagaz konprometiduta, joten dauen bakotxean azken aldia balitx lez egiten dauela adierazo dau.
Jazz Jaialadiak laster edizino honetako kartelean parte hartuko daben beste batzuk jakinarazoko ditu eta sorpresak izango dira.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!