Lehenengo kilometroak egin ditu 22. Korrikak Araban eta Bizkaian

Bizkaie! 2022-04-01 08:27   Euskerea berbagai

Amurrioko AEK-ko lau irakaslek ipini dabe lekukoa martxan.

Giro bustia baina jentetsua izan zan atzokoa Amurrion, 22. Korrikaren hasieran. Amurrion hasi eta, apirilaren 10era arte, 2.000 km baino gehiago egingo ditu euskerearen aldeko lasterketeak Euskal Herri osoan, Donostiaraino. Amurrion eta Aiaraldean euskerea zabaldu, indartu eta bizibarritzeko lanean dabizan guztien izenean, herriko AEK-ren euskaltegiko lau irakaslek eroan eben lekukoa lehenengo kilometroan.

Eguraldiak lagundu ez, eta laster ilundu eban, baina horrek ez zituan euskaltzaleak desanimau. Jente askok hartu dau parte lehenengo egunean eta bigarren eguneko goizaldean egindako kilometroetan. Aiaraldeko herrietan ibili eta gero (Laudio, Artziniega...), Bizkaian sartu zan Korrika atzoko azken orduan, eta Nerbioi ibaian gora heldu zan Ugao eta Basaurira.

Goizaldean Ibaizabal ibaiaren ertzeko herrietan ibili da: Galdakaon, Zornotzan eta Durangon, besteak beste. Durangaldeko herrietan osteratxua egin eta Mallabia eta Ermutik urten dau Korrikak Gipuzkoa aldera. Gaur, barikua, arratsaldean helduko da Korrika Gasteizera. Hara bidean, beste askoren artean, Eibar, Elgoibar, Bergara, Arrasate eta Legutio zeharkatuko ditu.

Eskutik eskura, martxan da, honenbestez, 22. Korrikaren lekukoa, eta, honen barruan, aurtengo mezua. Amurrion egindako ekitaldian sartu eben AEK-ko kideek mezua lekukoaren barruan, jantzea, kantua eta abar izan zituan ekitaldian.

Hiru urte itxaron behar izan doguz Korrika egin ahal izan arte, pandemiagaitik, baina barriro kaleak, errepideak eta plazak hartzeko prest dagozala adierazo eban AEK-ko ordezkari Aitziber Balantzategik. Hizkuntza eskubideetan azkenaldion egon diran atzerapausuei aurre egiteko, euskaltzaleen uriolea sortzeko deia egin eban.

Argazkiak: AEK.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu