Ilargi Arrizabalaga: 'Musikea eta antzerkia uste baino lotuago dagoz'

Koldo Isusi Zuazo 2022-04-04 07:55   Barriketan

22 urteko lezoarra.

Sare sozialetan topautako kantu ezagunen bersinoak egiten hasi eta diskoa be grabau dau Killasisa, hain zuzen be. Kontzertuak emoten eta diskoa aurkezten makinatxu bat kantaldi eskaini ditu Gipuzkoan eta Bizkaian eta daborduko bigarren diskoa atontzen dabil.

1.- Sare sozialen eskolan hasi eta diskoa be grabau dozu... Musikarako zaletasuna nondik jaso zenduan?

Txikitatik nabil musikearen munduan, etxean beti abestu dogu eta gustoko doinuei berbak idazten eta ibili izan naz, trikitixea be joten neban eta beti gura izan dot musikeagaz lotutako kontuetan sartu.

2.- Nor da Irati Arrizabalaga?

2000. urtean jaio nintzan, Lezon eta bihotz taupaden bitartez musikea barrutik kanpora atara gura neban eta musikearen hizkuntza ikastea erabaki neban 7 urte nituanean, baita euskal jantzak eta antzerkia be, arte eszenikoetan nire barruko mundua kanporatzeko. Aspaldi hasi nintzan kontzertuak emoten eta gaur egun horretan nabil eta antzerkian be sartu-urtenak be gin dodaz eta pozik nabil, amesa beten nabilela esango neuke.

Denpora aurrera joan ahala, aitatu arteak jorratzen gero eta indartsuago nabil eta ikasteari ekin neutsan Dantzertin Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolan eta hor gabiz.

3.- Killasisa diskora zeure-zeureak diran 8 kantu batu dozuz. Zeintzuk dira zure gai kuttunenak?

Txikitatik nekarren gustuari jarraituz, abesti propioak idazten jarraitzen neban eta disko bat plazaratzea otu jatan, nire barruko zati hori lekuren batean dokumentau guran. Kontua da ze 19 urtegaz idatzi eta sortu nituala diskora batutako kantu batzuk eta orain ez ditudala orduko moduan sentiduten, nireak dira baina urteen porazuz personak aldatu egiten dira eta gaiak eta kantuak egiteko moduak be bai. Gaur egun interesetan jatazan gaiak kapitalismoaren kontrako jarrerea, Munstroa kantua nabarmendu neike, munduko hainbat lekutan kapitalismoaren erruz zapalduta dagozan umeak eta feminismoa be asko interesetan jat oraindino bide luzea dogulako aurretik (Marea morea) eta uste dot momentu honetan gehien gustetan jatazan gaiak dirala erabagiteko eskubidearen aldeko mezua eta maitasunari jagokonez, 19 urteko maitasun kontuak eta gaur egungoak aldatu egin dira.

Mutrikuko AME Estudiokoakaz kontaktuan jarri eta haren bitartez Iker Laurobagaz; Haritz eta Iker Laurobak abestiak apaindu eta gorpuzten lagundu eustien, asko ikasi dot eurengandik eta azkenik hemen da Killasisa, zortzi abestiko diskoa. Zuzenekoei begira, banda bat sortzea erabagi neban, abestiak kolorez beteteko eta holan sortu neban zuzenekoetan neugaz batera ibilteko bandea, bateria, baxua, gitarrista bi eta pianistea. Hiru bat kontzertu emon genduzan baina hortik aurrera, talde bat mobidutea gatxagoa zalakoan bakarlari ibilbideari ekin neutson.

4.- Diskoaren izenburua nondik nora dator?

Killasisa da ilargi lorea ketxuan eta txikitatik asko gustetan jataz loreak; Ilargi nire izenagaz jokua egin eta nire lehenengo disko honi Killasisa izenburua jartea otu jatan.

5.- Dantzertin Arte Dramatikoko ikasketak egin zenduzan...

Bai. Beti sentidu izan dot nire barruko mundua arteagaz nahikoa lotuta eta horren bitartez gauzak adierazoteko beharra. Musikearen hizkuntzea eta antzerkia buztartzea gustetan jat eta gitarrea joten ikasi eta jaubetu naz musikea eta antzerkia uste baino lotuago dagozala, abesten dogunean abesti hori interpretetan dogu, antzerkia dago hor eta antzerkia egiten dogunean be, eszenatan musikarik egon ez arren, barruan musikea sentiduten dozu.

6.- Anari Alberdiren Vinu, cantares y amor kantuaren bersinoa be kantetan dozu. Zeintzuk dira zuretzako eredu?

Ibilbide luzekoa da Anari eta gainera, emakumea izanda, niretzako eredu izan daiteke Anari eta kantua ederra da. Emakume artistak estimadu ditut eta emakume abeslariak pilo bat doguz gurean, Olatz Salvador eta Sara Zozaya be asko gustetan jataz; emakume izanda oso gatxa da gizonen artean lekua hartzea baina bagoaz aurrera.

Gizonezkoen artean be baditut erreferentziak, besteak beste, Anje Duhalde eta The Beatles.

7.- Udal Txistulari Bandea, Durangoko Azokako Ahotsenean, Iria Food Durangon eta hainbat lekutan kantau dozu...

Taldearen babesa beti da ona baina bakarka ibili naz aitatu dozuzan kontzertuetan eta gustora nabil, asko ikasi dot eta jaubetu naz zenbat gauza egin behar diran herririk herri ibilteko, atontzaileakaz berba egin, kudeaketa lana eta bestelako zeregin batzuk.

8.- Tailerrak be eskaini dozuz eta Tabakaleran Zelan egin kantu bat izenekoa nabarmenduko neuke. Zelan egiten da abesti bat?

Bai [Barreka]. Ez da erraza, barruan dozun hori kanpora ataratea da giltza baina askotan prozesua pentsau baino luzeagoa izaten da; pedagogia asko gustetan jatan arloa da eta sarritan artea eta pedagogia buztartuz sortzen dira gauzak. Normalean gai bat aukeratzen dot eta hortik tiraka ibilten naz, berba bakotxari edo melodia bakotxari kolore bat emonez be ideak etorten jatzuz, berbetatik melodia ataratea be aukera ona da baina ez dot nire burua estutu gura izaten, ez dot derrigor egin gura, berez etortea lakorik ez dago baina...

9.- Instagramen 1.983 jarraitzale dozuz, Bizkaie!-k baino gehiago...

[Barreka] Ez deutset jaramonik egiten datuei, ez naz sare sozialzale, eskuko telefonoagaz ibiltea ez jat gustetan eta bizi dodan momentua bizitea gustetan jat. Instagram eta beste sare batzuk tresna lez erabilten ditut promozinorako, kontzertuak iragarteko zein zeozeren kontra edo alde nagoanean nire jarrerea erakusteko eta holakoetarako.

10.- Zuzenekoetan gustora zabiz eta han, hor eta hemen ibilitakoa zara. Datozen egunetan non ikusiko zaitugu?

Banabil bai. Maiatzaren 15ean, Bidebietan, herri-bazkari baten ondoren; bagilaren 4an, Laudion, Euskera Jaian; eta bagilaren 10ean, Bilbon, Zorrozaurreko Zwap-en. Segurutik gehiago be izango dodaz eta danak bideratzeko prest nago, manager eta holakorik ez daukat eta, beraz, interesa dauenak neugaz bat egin
leike.

11.- Kontzertua, kantaldiak eskaintzea ondo dago baina ze esperantza dozu bihar-etzirako?

Killasisa diskoko kantuak aurkezten jarraituko dot eta bien bitartean, bigarren diskoa atontzen hasita nago, ideak hartzen banabil, nire inguruak arakatzen eta holan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu