Arno, enkantua Gipuzkoako kostaldearen hasieran
2022-03-31 10:19 Ibilian-ibilianArbola artean, basoan, gozau daigun naturearen handitasunaz eta arnas freskoaz.
Mutrikurantz abiatzean, portua nagusi dan herrigunea jatorku burura, herri txiki baina bizia bere horretan. Alde batetik, Ondarroa dauka alboan, Bizkaiko herri ezagunenetako bat, arrantza munduaz gan, batez be, bere euskereagaitik be bai. Beste alde batetik, Deba dauka hurren, eta orain, kostaldeko bidea luzatu dabenez, ikuspegi zoragarriduna, paseotxua egin geinke asfaltotik barrena. Mendiaren bestaldean, ostera, Elgoibar ingurua dau bidelagun, eta horretarako, Kalbaixo ganera igon behar dogu. Askok ezagutuko dabe bide hau, kostaldeko bidea konpontzen ebizanean, handik zalako desbideratzeetako bat.
Kontuak kontu, birritan pentsau barik, bertara igongo dogu gaurkoan; ez, baina, Elgoibarrerantz joateko, Mutriku bueltan geratzeko baino: Donejakue bidea paseteagaitik ezaguna dodan bide honetan, Arno mendira igoteko aukera ederra be badago. Beraz, errepidearen eskumaldean Arno mendigunearen seinalea ikusi bezain pronto, bertara sartu eta aurreratxuago dagoan lautadan itxiko dogu autoa. Hainbat seinale dagoz danean, ez dozue gatx izango berau topetea, nahiz eta ez dan aparkaleku handi bat; basoaren hasieran dago, auto batzuk sartzen dira bertan eta han ixtea izaten da ohikoa. Mutrikutik etorri ezkero, auto barik, edota denpora dezentegaz eta ibilbidea luzatu nahian, badozue aukera kilometro gehiago egin eta bertara oinez heltzeko be. Aukerak non-nahi eta zein-nahi!
Hainbat bide dagoz Arnora igoteko, eta ikusiko dozuenez, laburbideak be oso ibiliak dagoz, beraz, erraza da batetik edo bestetik egitea. Leku polita da, basoa, zugatzak, harriak eta kostaldeak bat egiten dabelako, bestelako ikuspegi bat eskainiz. Hori bai, argazkiotan ikusi zeinkien bidera laburbide bat ez hartuta heldu gaitekez, eta bertatik, kostalde guztia ikusi ahal izango dogu, Arno mendiaren tontor-tontorrean ez dagoalako ikuspegirik, guztiz zarratuta dago zugatz eta landarakaz. Beraz, esplorazinoan goazela topauko doguz panoramika ederrak, eta barrualdetik goazenean, zugatz artean, basoan barrena, gozau daigun naturearen handitasunaz eta arnas freskoaz.
Ondarroatik harago, mapearen alde honetatik, Mutriku dogu, hain zuzen be, Gipuzkoako kostalde xarmangarriaren hasierea. Plan gomendagarria begitantzen jat Arno mendira igon, eta ondoren, kostaldean pintxo batzuk jan, zeozer edan eta kresala bere horretan sentidutea. Edo Mutrikutik Debara, Zumaiara, Getariara eta Zarautzera abiatzea. Zelako subertea dogun geure inguruan altxor itzelok izateagaitik. Gozau daiguzan!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!