Simple Minds buru, bueltan dira Zurriolako kontzertuak Jazzaldira

Bizkaie! 2022-03-31 08:51   Musikea

Dobako zortzi kontzertu egongo dira leku horretan.

Covid-19aren ondorioz, Donostiako Jazzaldiaren aurreko edizino bietan ez da Zurriolako hondartzan agertokirik ez kontzerturik egon. Etenaren ostean, uda honetako egitarauan bai, Zurriolako eremua berreskuratuko dau jaialdiak, Keler gunea izenpean. Garagarrilaren 21etik 24ra, zortzi kontzertu egingo dira han, egunero bi, eta doban.

Simple Minds talde eskoziar historikoa da Zurriolako karteleko izen nabarmenena. Lehenengo diskoa 1979koa dauen arren, bandea bete-betean dabil oraindino, eta 2019an zuzeneko kontzertuen munduko bireari ekin eutsan, 40. urteurrena ospatzeko. Pandemiak eten egin eban proiektua, baina barriro bueltan dira eskoziarrak, oholtzarik oholtza.

Garagarrilaren 21ean agertuko da Simple Minds Zurriolako hondartzan, 57. Jazzaldiaren lehenengo egunean. Gau horretan bertan, Curtis Harding entzun ahal izango dogu Zurriolan, soularen azken urteotako ahots handietako bat.

Bigarren egunean, beste kontzertu bi hartuko ditu Zurriolako oholtzeak. Lehenengo, Monophonics talde estadubatuarraren funka eta soula entzun ahal izango doguz; gero, Christone Kingfish Ingram gitarra jole gaztea.

Hilaren 23an, This is the Kit proiektua ezagutu ahal izango dau publikoak. Kate Stables bultzatzaile dala, indie eta folk estiloko hainbat musikari batzen ditu. Honeen ostean, Vintage Trouble laukoteak igongo dau agertokira.

Azkenik, 24an, Pillow Queens irlandarrak eta Leon Benavente espainiarrak joko dabe. Zurriolako egitarauko azkenak izango dira, baina Jazzaldiak berak beste egun batez segiduko dau, garagarrilaren 25era arte.

Bideoan batu dabe Zurriolako programea, ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu