Aho batez onartu ditue 2021eko kontuak eta 2022ko egitasmoa

Bizkaie! 2022-03-30 08:16   Bertsolaritzea

Bertsozale Alkarteko funtzionamendua hobetzeko parte-hartze prozesua be nabarmendu eben.

Izpurako Faustin Bentaberri Gelan egindako Batzar Nagusia (XDZ). | Ikusi handiago | Argazki originala

Joandako astegoienean, Izpuran (Baxenabarre) izan zan Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen Batzar Nagusia. Faustin Bentaberri Gelan izan zen hitzordua, 11:00etatik aurrera eta 45 bat bazkide batu ziran.

Miren Artetxe Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak ekin eutson batzarrari pantailaz bestalde, bertaratutakoak agurtuta: 2021eko proiektu eta datu esanguratsuenak errepasau zituen. Plazako datuei jarri eutsen atentzinoa ondoren: pandemia ostean berreskuratutako saioak eta errekuperau ez diranak aztertu eta bertsolari taldean izandako eraginak aztertu zituan. Plazako jarduereagaz lotuta, Lanku Kultur Zerbitzuen urtearen barri be emon eben.

Ondoren, 2021ean landutako prozesuak nabarmendu zituen banan-banan: Mintzola Fundazinoaren azkentzea edo amaierea eta azken urteotako balorazinoa, Hezkuntzako barrikuntza programea, Bertsozale Alkarteko funtzionamendua hobetzeko parte-hartze prozesua, Bertsozale Alkarteko berrantolaketea eta borondatezko lanaren inguruan egingo dan gogoetea. Luze jo eban prozesu guztien azalpenak eta bilera erdia pasau zan 2021eko likidazinoa onartzerako.

Ilusinoz onartu zan 2022ko egitasmoa, urte berezia izango baita datorrena; ondo bidean, udagoienean jokatuko dalako Bertsolari Txapelketa Nagusia.

2022ko egitasmoaren barruan dagoan proiektu honen eta gainerakoen azalpena emonda onartu zan, aho batez, 2022ko aurrekontua.

Bertso Eguna segian Batzar Nagusiaz gainera, Bertso Eguna egiteko be erabili eben Izpurako hitzordua. Arratsaldeko 17:00etan hasi zan saioa Aimar Karrikak gidatuta, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Sustrai Colina ibili ziran bertsotan eta gonbidatu bereziak be izan zituen saioak: Bilaka Kolektiboko kideak ibili ziran jantzan, Mirentxu Lazkano, Paxkar Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek be hartu eben parte, baita Dom Campistron marrazkilariak be. Irantzu Idoatek egin eban bertsotan hasieran eta amaieran.

100 lagun inguru batu ziran 2022ko Bertso Eguneko emonaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu