Bilbao BBK Live-k kartela osotu dau

Bizkaie! 2022-03-29 12:45   Musikea

Kelly Lee Owens, WOS eta Rigoberta Bandini dagoz nobedadeen artean.

Indarbarrituta bueltauko da Bilbao BBK Live Kobetamendiko agertokira, birusak eragindako oztopoen ondoren. Asmo hori beteteko, 15. edizinoan ahalik eta kartel erakargarriena atontzen ahalegindu dira antolatzaileak, nazinoarteko banda eta bakarlari entzutetsuak ekarrita. Kartela osotu dabe azkenik, eta iragarteko falta izan diran azken artisten barri emon dabe.

Ehun izen baino gehiago ditu 2022ko kartelak, izar ospetsuakaz hasi eta gorabidean doazan promesakaz amaitu, jaialdiaren bereizgarri dan aniztasun artistikoa finkatuz, dinoe bultzatzaileek.

Orain iragarritako izen barrien artean dagoz Londrestik datorren Nilüfer Yanya, Kelly Lee Owens galestarra, elektronikea lantzen daben Daniel Avery eta James Greenwood. Estadu Batuetatik Snail Mail etorriko da eta Argentinatik, proposamen bikotxa: SIMONA eta WOS.

Azkenaldion Espainian zeresan handia emoten dabilen Rigoberta Bandini be Kobetamendin izango da, baita Alizzz be, azken hau disko barri eta guzti. Cariño, Mujeres eta Axolotes Mexicanos be egitarauan  sartu ditue.

Egun bakotxeko amaierea biribila izan daiten, saio bereziak izango ditu gauero BBK Livek: Topanga Kiddo, Brava eta Alvva lehenengo egunean; festa eklektikoa bigarrenean, Chico Blanco, 8kitoo, b2bbs eta Mareo protagonista dirala; eta CHICA GANG-ek zarratuko dau jaialdia. Euskal taldeak be ezin dira ahaztu: Bulego azkoitiarrak eta Silitiaren elektroeuskalrocka dira barrikuntzak.

Orain emondako nobedadeak lehendik ezaguna izan dan zerrenda luzera batu dira. Aurtengo edizinoko kartelburuak LCD Soundsystem, Placebo, The Killers, Stromae, J Balvin eta Pet Shop Boys izango dira.

15. Bilbao BBK Live jaialdia garagarrilaren 7, 8 eta 9an egingo dabe. Bonuak salgai dagoz oraindino, apirilaren 28ra arte 145 euroan. Eguneko sarrera solteak be eskuratu leitekez. Saldutako txartel bakotxeko bost euro emongo ditue antolatzaileek Ukraina-Euskadi Garapenerako Lankidetzarako Alkartearentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu