Martxan da 'Nahi dodalako!' kanpainea, euskerazko ikasketen alde

Bizkaie! 2022-03-29 11:06   Euskerea berbagai

Bizkaiko 16 udalek eta mankomunidade bik egin dabe bat kanpaineagaz.

DBHko, hau da, derrigorrezko hezkuntzako, azken ikasturteetan dabizan ikasleei begira ipini dabe martxan Nahi dodalako! kanpainea, osteko ikasketetan be euskerea aukeratu deien. Izan be, DBH amaituta, behera egiten dau euskeraz ikasten segitzen daben gazteen kopuruak, batxilergoan zein bestelako zikloetan.

Alkarbidek (Bizkaiko euskera zerbitzuen topagunea), EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dabe kanpainea alkarlanean. Aurtengoan, Bizkaiko 16 udalerrik eta mankomunidade bik egin dabe bat, eta hainbat jardueraren bidez animauko ditue bertako ikasleak euskerazko ikasketen alde egitera.

Esate baterako, Getxoko Udalak DBHko hirugarren eta laugarren mailetako 1.480 gazteri kanpainearen informazino eskuorria bialduko deutse. Ganera, inkesta bat beteten badabe, ikasle getxoztarrek hainbat sari irabazi ahal izango ditue: ordenagailu eroangarriak, kirol materiala, opari txartelak...

Hori gitxi ez, eta DBHko laugarren mailako ikasleen familiek (733 dira danetara) Amaia Agirre alkatearen eskutitza jasoko dabe, kanpainearen barri emon eta euskerazko irakaskuntzearen onurez berba egiteko eta azaltzeko orain arte hizkuntza ereduan ikasten jarraitu ahal izatearen garrantzia, ikaste prozesuagaz jarraitu ahal izateko.  

Getxo ez eze, Bizkaiko beste herri guztietako gazteakana be heldu nahi dau Nahi dodalako! kanpaineak. Izan be, DBHren osteko ikasketak egiteko aukera zabala dago Bizkaian. Mapa baten batu ditue zentro guztiak, ikusi hemen.

Getxoko laguntzinoak

Beste alde batetik, Getxoko Udalak euskerea ikasteko, ezagutzeko eta erabilteko diru-laguntzinoen deialdia zabaldu dauela iragarri dau. Danetara, 58.800 euro emongo ditu. Ahalik eta jente gehienak onurea izan deian, laguntzinook HABEk emoten dituanakaz bateragarriak izango dira.

Euskerea ikasten dabizanentzat ez eze, bestelako proiektu batzuetan dabizanentzat be izango da partidearen zati bat. Esate baterako, gidabaimena euskeraz atera nahi daben gazteentzat 4.000 euro gorde ditu Udalak. Aisialdiko begirale edo zuzendari izateko agiria euskeraz lortzeko, beste mila euro aurreikusi ditue.

Azkenik, 7.000 euro erabiliko dira herriko kartelak, errotuluak, biniloak eta ibilgailu profesionalak euskeraz be ipinteko. Udalak gogora ekarri dau, euskerearen erabilerea errazteko asmoz, martxan dituala itzulpengintza, aholkularitza eta errotulazino zerbitzuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu