Hezkuntza Lege barriaz zehaztapenak eskatu ditu Kontseiluak

Bizkaie! 2022-03-29 10:22   Euskerea berbagai

Uste dau ikasgelako hizkuntza nagusia euskerea izatea dala aukera bakarra.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak egunotan aurkeztu dau etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemearen inguruko hitzarmenaren oinarria, EAEri eragingo deutsana. Hizkuntzearen gaia erreformearen auzi nagusietako bat dan ezkero, Kontseiluak balorazinoa egin dau, euskalgintzako beste eragile batzukaz egindako adierazpenean.

Hasteko eta behin, Kontseiluak adierazo dau Hezkuntza Lege barriaren garapenean zehaztasun handiagoak egitea beharrezkoa dala, hizkuntza bakotxak ikasketetan izango dauen lekua hobeto jakiteko.

Hizkuntzearen atalean, ponentziaren artikulu batek dino euskerea ardatz dauen esparru eleaniztun orokortua dala helburua, hizkuntza ofizial bien eta atzerriko hizkuntza baten ezagutzea bermatzeko. Eredu inklusibo orokortua jaso izana urrats barria dala dino Kontseiluak. Baina, eredu eleaniztuna baino, esparru eleaniztuna aitatzen dauenez hitzarmenak, bien arteko aldea zein dan azaltzeko eskatu dau.

Bestetik, Kontseilua arduratuta agertu da ikasgeletan erabiliko dan hizkuntza nagusia, hau da, irakas-hizkuntzea dalakoa, zein izango ete dan. Datuek dinoenez, euskerea irakas-hizkuntzea dauen eredua da arrakastatsuena, eta, Kontseiluaren ustez, hori izan behar litzateke etorkizunean aukera bakarra.

Hizkuntza-proiektua edozein dalarik, oinarrian euskerea irakas-hizkuntza izan beharko da, baldin eta hitzarmenak aurreikusitako gaitasunak lortuko badira. Arduratzekoa litzateke garai bateko marko hirueledunari atzeko atea edegitea, egun belaunaldi barriak euskalduntzeko erronkea pil-pilean dagoanean, adierazo dau Kontseiluak.

Bestetik, derrigorrezko hezkuntzea amaitzean ikasleek gitxienez izan beharreko hizkuntza-gaitasuna be zehazten dau Hezkuntza Lege barriaren proposamenak. Hitzarmenaren arabera, DBH amaitzean euskeraz B2 mailea izan beharko dabe ikasle guztiek (eta gaztelaniaz be B2, eta atzerriko hizkuntza baten B1). Kontseiluak ontzat jo dau helburu hori beren-beregi aitatu izana, Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen agiriak antzeko proposamena dakarren ezkero.

Dana dala, Kontseiluak ez dau ulertzen, behin hori adostuta, hitzarmenaren beste atal batean erabiltzaile aurreratuaren gaitasuna kendu eta euskerearen ezagutza praktikoa helburu izatea jasoten dauen beste ekarpen bat onartu izana, kontraesankorra dalakoan.

Ondorioz, hitzarmenean aitatutako helburura heltzeko bidea zein dan ondo zehazteko eskatu dau Kontseiluak. Ekarpenak egiteko prest be agertu da: Kontseiluak konpromisoa hartuko dau euskalgintzearen, hezkuntza komunidadearen, eragile sindikalen eta herritarren babesa izango dauen proposamen zehatza egiteko, legean halaxe jaso dadin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu