Dana prest Amurrion 22. Korrikari hasierea emoteko

Bizkaie! 2022-03-28 13:18   Euskerea berbagai

Datorren eguenean, martiaren 31n, hasiko da arratsaldeko 16:30ean.

Egun osoko jaia atondu dabe Amurrioko eta Aiaraldeko herritarrek 22. Korrikari hasierea emoteko. Hasteko, txupinazoa eta kale animazinoagaz girotuko da Amurrio eta goizean hainbat ekimen izango dira: Parrilladea eta herriko hainbat tabernatan bazkaltzeko aukerea egongo da.

Kontuak kontu, plazan izango da hasiera ekitaldia 16:00etatik aurrera, Kaitin Allendek gidatuta eta Neomak taldearen parte-hartzeagaz.

Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakasleek egingo dabe. Korrika ekimen ederra da eta, horrezaz gan, Korrikak dakar euskerearen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskerazbiziteko gogo. Ideia horri eutsiz eta 6 lagun horreen bidez, lehen kilometro horrek erakutsiko dau alde batetik euskeraz biziteko gogoa eta, bestetik Amurrion euskalduntze- lanak sendo aurrera egiteko Korrika hauspo izan nahi dauela.

Bizkaiara bidean, lehenengo gauaren bila, Korrikak aurrera segiduten dauen bitartean, Amurrion jaiak segiduko dau eta hainbat kontzertu eta ekitaldi izango dira.

Amurrio Korrikaren alde


Amurrio izango da eguen honetako protagonista nagusia, bertako herritarrek eta Udalak egindako lanari esker. Aspaldi hasitako lana, auzolan erraldoia, alkarlana. Ohore handia da amurriotarrentzat, izan be, Euskal Herriko 16 herrik baino ez dabelako Korrika hasierea ezagutu.

Amurrioko Udalak eta AEK-k alkarlan-hitzarmena sinatu dabe eta, bertako euskera zinegotziak Julen Sasiainek deialdi berezia egin dau eguenean danok Amurrion batu gaitezan.

Azkenik, azpimarratu behar da Korrikaren hasierea telebistaz (baita Interneten be) nahiz irratiz jarraitu ahal izango dala zuzenean, hainbat hedabidek egingo dituen saioei esker. Informazino guztia, hemen.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu