Apirilaren 9an hasiko da XVIII. Bilbao Arte Sakratua zikloa

Bizkaie! 2022-03-28 12:43   Musikea

Ahots Zerutiarrak lemapean, bost kontzertu dakarz egitarauak.

Eleiz musikearen arloan ondo finkatutako hitzordua da Bilboko Udalak antolatzen dauen BAS, Bilbao Arte Sakratua, izan be, aurten 18. edizinoa beteko dau. Apirilaren 9tik 13ra, bost egunean beste horrenbeste kontzertu programau ditue, danak Alkarte Filarmonikoaren egoitzan. Sarrerak saltzen martiaren 30ean hasiko dira, zazpi euroan.

Ahots Zerutiarrak izango da aurtengo zikloaren izenburua. Udalak aurreratu dauenez, ospe handiko musikariak konbidauko ditue Alkarte Filarmonikoko kontzertuetara, bai bertokoak eta bai kanpokoak be.

Ensemble Diderot talde frantsesa arduratuko da apirilaren 9an zikloa zabalduko dauen kontzertuaz, Andrea Hill soprano kanadarrak lagunduta. Ganbara-musika barrokoa oinarri, Johann Pachelbel-en eta Heinrich Ignaz Franz Biber-en obrak interpretauko ditue. Saioa 19:30ean hasiko da, zikloko ganerakoak lez.

Hilaren 10ean, Nordic Voices sei kideko a capella taldeak Lamentation-Consolation kontzertua emongo dau. Biharamunean, Ludovice Ensemble talde portugaldarraren txandea izango da. Apirilaren 12an, Musika sakratuaren uholdea! Pasioa eta extasia barrokoko musika sakratuan izenburupean, Propitia Sydera taldea entzun ahal izango dogu, María Espada (sopranoa) eta Pedro Gandía Martín (biolina eta zuzendaritzea) bakarlari dirala.

Azken saioan, 13an, Les Arts Florissants taldeak hartuko dau parte. Leçons de Ténèbres izeneko saio horretan, Aste Santuko liturgiagaz lotutako doinuak ezagutu ahal izango ditu publikoak.

Egitarauaren inguruko zehaztasun gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu