Durangaldeko 15 entidadek bat egin dabe Landue egitasmoagaz

Bizkaie! 2022-03-25 13:33   Euskerea berbagai

Euskerea eremu sozioekonomikoan sustatzea da asmoa.

Landueren topaketan parte hartu dabenak (arrgazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangaldeko Mankomunidadeak bultzatuta, orain dala urtebete sortu zan Landue, lan munduan eta eremu sozioekonomikoan euskerea bultzatzeko egitasmoa. Urtebete geroago, balantzea egiteko ordua heldu da, bidelagun diran erakundeakaz batera: Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia eta eskualdeko enpresa ugari.

Hain zuzen be, ekitaldia aprobetxau dabe orain arte Landuegaz bat egin daben 15 enpresek konpromisoa sinatzeko. Erakunde publikoen izenean, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Durangaldeko Mankomunidadeko presidentea, Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputadua, eta Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua egon dira.

Landuek 2021eko maiatzean egin zituan lehenengo pausoak, Durangaldean, lan-arloan, euskerearen erabilerea bultzatzeko metodologia eta ekimen barriak sortuz. Dagoeneko, eskualdeko hainbat eragilegaz jarri dira hartu-emonetan Landueko arduradunak.

Guztira 15 enpresak egingo dabe aurrera proiektuan. Batzuk 50 langile baino gehiagokoak dira, Bruss, Baqué eta Azterlan, eta beste batzuk txikiagoak, Txirula Music, Asca, Gurekide, Bermeosolo eta beste. Horreekaz guztiakaz eta Landueren barruan, hizkuntza-diagnostikoak egiten dabiz, hizkuntza-planak egiten lagunduz, eta besteak beste, hizkuntza paisajea, webguneak eta laneko dokumentuak euskeratzen.

Ganera, motibazino-saioak hitzartu dira lanbide-heziketako ikastetxe bitan –Iurreta LHII eta Zornotza LHII–, lan-mundura salto egiteko euskereak dauen garrantzian sakontzeko. 200 bat ikasle dabiz saiootan parte hartzen.

Enpresok emoten daben eredua txalotu dau Bingen Zupiria sailburuak: Munduari begira lanean diharduen euskal enpresak dira, hizkuntzen kudeaketa aurreratuan kalidade ziurtagiria dabenak. Euskereak balio erantsia emon deutsela autortzen deuskue.

Kanpora begira ez eze, enpresa barruan be onurea ekarten dau euskerea egunerokoan txertatzeko erabagiak, Lorea Bilbaoren esanetan. Hizkuntza kudeaketa egokia egitea ere barrikuntzea da, enpresan eta gizartean agertzen jakuzan erronkei erantzuteko beharrezkoa dan barrikuntzea, ganeratu dau Bizkaiko Kultura diputaduak.

Urtea betetar dala, aurretik bizi luzea dau Landuek. Hurrengo erronkak zeintzuk diran zehaztu dau Durangaldeko Mankomunidadeko Mireia Elkoroiribek: Alde batetik, Landuegaz bat egin dabenakaz  lanean jarraitzea. Bestetik, zorionez Durangaldeko enpresa-sarea oso zabala da eta oraindino jorratzeko asko dagoala gogoan izatea. Hori da gure erronka nagusia, hazten jarraitzea eta Landue komunidadea handitzen jarraitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu