HABEk 2022ko euskerearen gaitasun-proben barri emon dau

Bizkaie! 2022-03-25 13:07   Euskerea berbagai

Hiru deialdi dagoz: HOBE, euskaltegietakoa eta edegia.

Udabarriagaz bat, euskerearen gaitasunaren agiriak eskuratzeko prozesua edegi dau HABEk, helduen euskalduntzerako erakunde publikoak. Matrikulea egiteko epeen, azterketen daten eta maila bakotxeko proben ezaugarrien barri emon dau.

Lehenik eta behin, martiaren 28an hasiko da HOBE dalako deialdian izena emoteko epea, apirilaren 5era arte. Ordenagailu bidezko egiaztatzea da hori, eta Gasteizen baino ezin izango da egin udabarrian. C1 mailan 225 leku dagoz eta C2 mailan, 45. Apirilaren 25etik 27ra egingo ditue entzumen, irakurketa eta idazmen probak.

Bestetik, apirilaren 4tik 12ra zabalik egongo da euskaltegietako ikasleen eta deialdi edegian aurkezten diranen matrikulea, B1, B2, C1 eta C2 mailetan. Maiatzaren hasikeran izango dira azterketak, Barakaldoko BECen, Irungo Ficoban edo Gasteizko BAKHen. Deialdi edegikoek Madrilen eta Bartzelonan egiteko erea be izango dabe.

Euskaltegien bidezko deialdian, probea 11.000 lagun inguruk egingo dabela aurreikusi dau HABEk. Deialdi edegiko beste 6.500 bat batuko jakez. Maiatzeko azterketen ostean, bagilean berbazko probak egin beharko ditue, eta garagarrilaren 20an argitaratuko dira emoitzak.

Hortaz, hiru deialdi dagoz, bakotxaren beharren arabera: HOBE, euskaltegietakoa eta edegia. Persona bakotxak horreetako bakar baten baino ezin izango dau izena emon. Matrikulea 80 euro dira, baina euskaltegietako ikasleentzat 40 euro.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu