Aisialdian eta hezkuntzan gero eta kexa gehiago batzen ditu Behatokiak

Bizkaie! 2022-03-25 12:07   Euskerea berbagai

Hizkuntza eskubideen 2021eko txostena aurkeztu dabe.

Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka, Gasteizen (argazkia: Behatokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizen egindako agerraldian, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2021. urteari jagokon txostena aurkeztu dau. Bertan batu ditu urtean zehar herritarrek bialdutako kexa, iradokizun eta bestelako mezuak, euskerea gizartean erabilteko dagozan oztopoen erakusgarri. Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak emon ditu datuak, Garbiñe Petriati teknikariak lagunduta.

2021ean, danetara, 1.320 intzidentzia batu ditu Behatokiaren txostenak, aurreko urtean baino % 15 gehiago. Ohikoa dan legez, kexa gehien administrazinoari eta zerbitzu publikoei lotuta dagoz. Dana dala, Gaubekak ohartarazo dau gero eta herritar gehiagok salatzen dituela aisialdiagaz eta hezkuntzeagaz lotutako hutsuneak, euskereari jagokonez.

Aisialdiko hutsuneek epe luzeko ondorioak euki leikiezela dino Garbiñe Petriatik: herritarren konsumo ohituretan eragin leike, etorkizunera begira, txiki eta gazteei bideratutako eskaintzearen ganeko ardurea dago. Dana dala, euskerazko eskaintzea bermatzeko borondate guztiz dabizan enpresa eta entidadeen ekarpena ez dau ahaztu nahi izan Behatokiak.

Eremu soziekonomikoan be (ostalaritzea, garraioak, hornidurak...) atzerapausuak igarri ditu Behatokiak azkenaldion. Zerbitzuotan euskereak gero eta espazio gitxiago dauela nabarmentzen dabe herritarrek, eta euskerazko arretea jasotea gero eta gatxagoa dala, azaldu dau Petriatik.

Hurrengo urteak erabagigarriak izango dirala uste dau Behatokiak. Euskal Herri guztiko administrazinoei dei egin deutse lehentasunez herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko dagozan hutsuneak aztertu eta neurri eraginkorragoak martxan jarri deiezen.

Bestetik, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko beharra be aitatu dau, herritar eta entidade jakin batzuen borondatezko ahaleginaz harago, lege babes eta neurrien bidez. Erakunde publiko eta pribaduek euskaldunen eskubideak autortzea gizarte justu eta bardinzaleago bat eregiteko daben erantzunkizun sozialaren parte be bada, Behatokiaren ustez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu