Unai Mendiburuk irabazi dau Bertso Errondako final 'perbersoa'

Bizkaie! 2022-03-25 10:07   Bertsolaritzea

Bilboko Bira Kultur Gunean egin dabe saioa zortzi bertsolari gaztek.

Bertsolariak finalean (argazkia: Bira) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Zazpi Kaleak, Erronda kalearen ingurua batez be, bertso gazte eta freskoz beteten dituan txapelketea da Bertso Erronda. Aurtengoa be ez da salbuespena izan, bertsolarien, publikoaren eta tabernen inplikazinoari esker. Kanporaketetako onenek finala jokatu dabe Bira Kultur Gunean, eta Unai Mendiburu izan da irabazlea.

Saioaren izenburu edo leloa Perbertsoa izan da aurten. Eta, hain zuzen be, perbersinoaren alderdi guztiak arakatu ditue bertsolariek oholtzan, ariketa bitxi, puntu irudimentsu eta umore bikainez. Mozorroak eta dekorazinoak be lagundu dabe giro perbersoa sortzen. Aretoa bete dauen publikoak gozau egin dau, eta gogoz barre egin, zortzi finalisten jardunagaz.

Era honetako sariketetan irabazlea nor dan gitxienekoa dan arren, onena Unai Mendiburu izan dala aitatzekoa bada, behinik behin. Bertso Errondako finaletan behin baino gehiagotan kantautakoa da Mendiburu.

Beste finalistak honeek izan dira: Josu Ibarguren, Paule Loizaga, Julene Iturbe, Asier Alcedo, Kerman Diaz, Ander Ucelay eta Ander Anakabe.

Bilboko Erronda kaleko eta inguruetako ostalari eta eragileei esker antolatzen da urtero Bertso Erronda. Saioak be taberna eta kulturgune laguntzaileetan egiten ditue. Aurtengo edizinoan, Biraz gan, bultzatzaile izan dira Adaxka, Errondabide, Zirika, La Villa eta 7Katu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu