'HITZEKIN. Danok euskerea doban' dinamikea martxan
2022-03-24 13:29 Euskerea berbagaiEuskerearen normalizazinoa lantzeko ezinbesteko arloa da lan-munduarena.
Korrikaren ingurumarian, AEK-k martxan jarri dau dobako ezagutzaren unibersalizazinoaren beharra jorratuko dauen dinamikea. Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskerea ikasi nahi daben herritarrek doban jarduteko aukerea izan behar dabela.
Dinamika horren lehendabiziko aurkezpena gaur goizean egin dabe Bilbon; bertan parte hartu dabe, batetik, Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondok, Korrikaren arduradunak eta, bestetik, Garbilan eta Iberdrola enpresetako hainbat langilek.
Gaur, dinamikearen arloetako bat azaldu dabe (HITZEKIN. Danok euskerea doban. Langileok prest izenekoa): AEK-Korrikak alkarlan-bide bat landu dau ELA nahiz LAB sindikatuakaz eta datorren ikasturterako dobako ikastaro laburrak atonduko ditue, hainbat beharlekutan prest dagozan langile-taldeakaz. Berez, urtero eta Euskal Herriko beharleku askotan ezaguna dan dinamikea ugaldu nahi dabe ekimen honen bidez. Gehiagorengana heldu nahi izango dabe eta, batez be, dinamikearen helburua bistaratu nahi da ekintza praktiko horreen bidez: “Euskal Herrian euskeraz biziko bagara, helduen euskeraz egiteko gaitasun egokia zabaltzea oinarrizkoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doban jaso ahal izatea be.
Langileek adierazo dabenez, euskerearen normalizazinoa lantzeko ezinbesteko arloa da lan-munduarena eta berau euskalduntzeko urrats zehatzak aldarrikatu ditue. Hareek be prest dagoz pausoak emoteko (langileen eskubideen eta bermeen aldeko burrukan kokatzen dogu hizkuntza-eskubideena), baina, era berean, aitatu dabe norbanakoen boluntarismoa gainditu behar dala. Lan-mundua euskaldundu nahi bada, ezinbestean administrazinoen aldetik erabagi ausartagoak hartu beharko dira: “Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskerea ezagutzeko bideak jartea, horretarako denporea ziurtatzea eta zerbitzu hori dobakoa izatea.
Alizia Iribarrenek adierazo dauenez, gaurko aurkezpena, eta martxan jarriko diran ikastaro horreek, dinamika zabalago baten ondorio dira; aurrerago, ekinbide gehiago landuko dira, baita beste arlo batzuetan be. Era berean, aurreratu dau apirilaren 4an aurkezteko dala, dinamika honen barruan be kokatu dan Donibane Garaziko adierazpena. AEK ez eze, beste euskaltegi askoren ordezkariak dagoz agiri horren atzean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!