Ager Solabarrieta: 'Jentearen autortzea be jaso dot'

Koldo Isusi Zuazo 2022-03-28 07:55   Barriketan

Europako Txapelketan urrezko dominea irabazi dauen tiratzaile ondarroarra.

Ondarroarrak bere lehen urrezko dominea irabazteaz gan, munduko errekorra be ezarri dau. Ager Solabarrieta karabinadun tiroko Europako txapeldun izan da Hamarren (Norvegia), ikusmen urritasuna daben personentzako hamar metroko modalidadean eta horrezaz gan sailkatze txandan munduko errekorra be egin dau (616.6 puntu).

Dominen lehian, euskal tiratzaileak urduritasunari eusten asmau eta probearen hasieratik buruan jarri da, urrezkoa eroan dau etxera; Barbara Moskal poloniarra (zidarra) eta Daniel Waloe norvegiarra (brontzea) izan ditu lagun podiumean.

Motxilea beteta noa, nazinoartean lortzen dodan lehen urrezko dominea da, lehiaketan izan ditudan munduko errekor biak (zutunik eta etzanda) alde batera itxita; beraz, ezin naz gusturago egon, adierazo dau euskal tiratzaileak.

 

1.- Zorionak Ager.Europako txapeldun zaitugu karabinadun tiroko modalidadean, ikusmen urritasuna daben personentzako hamar metroko modalidadean. Urrezko dominea irabazi dozula sinisten dozu, jaubetu zara? Ospatu dozu?

Gitxika-gitxika sinisten dogu baina ha momentua dominakaz etozela eta neu urrezkoaren jaube nintzala ikustea ez dot sekula ahaztuko. Gogoangarria benetan. Eta ospatu, Norvegian ez genduan behar dan moduan ospatu, dana dagoalako karu [Barreka] baina zeozertxu egin genduan bai. Ospakizun handiak hemen egingo doguz eta daborduko bazkari bat badogu prest lagunartean eta. Ospatu beti ospatu behar da, kontua txarto joan bada lutualdia egin behar da eta gauzak ondo egin badozuz ospatu egin behar da.

2.- Munduko errekorra be egin dozu, lehenago ezarritako munduko errekor biak (zutunik eta etzanda) gogoan hartuz...

Bai. Ez neban pentsetan holako mailako txapelketan munduko errekorra ezartzea baina hortxe dago, jentearen autortzea be jaso dot eta tituluak eurak baino gustorago hartzen dira holakoak.

Lehenago be tituluak irabazi izan doguz eta zutunik zein etzanda irabazi izan dodaz Espainiako Txapelketak eta munduko errekorrak be ezarri dodaz, baita taldekakoa be. Orain maletea ondo beteta etorri da eta pozarren nago.

Nazinoartean, zidarrezko dominea irabazi neban Chatearoux World Cup-en eta hor bertan lortu neban errekorra.

Badatoz esker on, autortza, tituluak, errekorrak eta holakoak baina lan handia egin behar da, entrenamentuetan be ezin da hutsik egin, teknologia be sartu da mundu honetan eta gure lana asko erraztu dau.

3.- Zelan sartu zinan mundu honetan? Hamazazpi urte daroazuz tiroaren munduan emaztearen laguntzinoari esker. Zelako inportantzia dauka emaztea lako persona bat alboan eukitea?

Itzela. Maite Badiolan emaztea comunity manager bikaina da eta ha barik ez nituan lortuko lortu dodazanak. Komunikazino lanak eta bestelakoak be egiten ditu eta, alde horretatik, ni neurean nabil eta eskertzekoa da holako lanen ardurea beste batek izatea. Lagunak be beti animoak emoten eta laguntzeko prest dagoz baina beste zaletasun batzuk ditue, kazan joaten dira, kotxeak, motorrak, holako ardura eta zaletasunak ditue.

Emazteak eta biok tiroaren saltsa hau deskubridu genduanean, berehala esan eustan zuk hau egin zeinke, hasi gaitezan pausuak emoten eta ia noraino heltzen garen. Holan ekin geuntsan eta hara, errekorrak, dominak eta etorri dira.

4.- Kirol Egokituaren Euskal Federazinoaren eta Basque Teamen babesa dituzu. Nahikoa dira ala laguntza gehiago beharko zeunke?

Bikaintasun-proiektuko kidetzat nabe Basque Teamekoek eta Euskal Federazinoari be eskerrak emon behar deutsiedaz, baita Ondarroako Udalari be eta ez dot ahaztuko Errioxako Federazinoa ze lizentzia eurek atara eustien, Euskal Herrikoak ez eustan atara. Errioxara entrenetan eta joaten naz eta txapelketa gehiagotan parte hartzeko aukerea izaten dot.

Ganerakoan, bateren batek kirol hau suspetu eta bultzatu gurako baleu gu prest gagoz laguntzeko eta, zelan ez, zuoi be eskerrik asko ze promozino lan handia egiten dozue gu lako kirolarioei harrerea eta tarte bat eskaintzarren Bizkaie! Atarian.

5.- Oso oker ez bagagoz, tiroa ez da kirol olinpikoa. Ala bai?

Bai. Tiroa olinpikoa da, tiro olipiko egokitua, ezinduentzako eta. Tiroa gitxienen kirola da eta itsuen eta ezinduen kirola okerrago dabil. Tristea da baina holakoa da errealidea.

6.- Itsuentzako punteria kirol bati buruz berba egitea arraroa da baina zure kasuan, ikusmena apurka apurka galtzen joan zara. Prozesua ez da eroangarria izango...

Gogorra da. 28 urtegaz diagnostikau eustien gaixotasuna eta hori momentua gogon daukat, hiru bat urte pasau ziran egoera hori sinistu eta onartzeko, inpotentzia eta letxe txarra ez dira erraz baztertzen. Gitxika-gitxika ikusmena galtzen zoaz eta lantzean behin pasetan jatzuz gauzak, lehengo egunean paseoan ninoiala obra-hondakinakaz estropezu egin, hankaz gora joan eta hasarrtu egin nintzan; baina aurrera zoaz, ikusteko arazoak izan arren, badagoz gauzak egiteko, teknologiak asko laguntzen deusku eta aurrera goaz.

7.- Aire konprimiduko karabina bat erabilten dozue, mira teleskopiko berezi bategaz. Kontaiguzu zelakoak izaten diran tiro egin aurreko momentuak...

Nahikoa normalizauta dago prozesua baina ohituta ez dagoanarentzat arraroa izan daiteke. Ikusmenaren faltan soinuak erabilten doguz, soinu diferenteak erdigunera heltzen zoazela aldatzen diran soinuak: erdiratzen zarenean soinu bat eta erdi-erdian zagozala adierazoteko pitadea egiten dau eta horixe da momentua tiro egiteko baina momentu berezia da hori karabinea geldi-geldi euki behar dozulako, sorbaldea eta gorputz osoa be ezin dozu mobidu eta segundu batzuk goabehera aparau edo huts egin zeinkelako.

Ez dozu sinistuko baina Euskal Herrian neu naz tiratzaile bakarra ezinduen artean eta, beraz, maila ona esango deutsut [Barreka]. Donostian bi edo baebizen eta Bilbon badabil jentea hasi guran baina ez dago harrobirik. Ganerakoan, tiratzaileak badagoz egon.

8.- Entrenamentuak non eta zelan egiten dozuz?

Astegunetan, herrian, lonja bat daukagu Ondarroako portuan eta hortxe ibilten gara emaztea eta biok; zortzi ordu beharrean emon ondoren, neugana etorri eta lagundu egiten deust. Astegoienetan, barriz, Logroñora joaten gara entrenetan. Emazteak laguntzen deust, gailu batzuk daukaz ze mobimentu egiten dodazan neurtzeko eta, lehen esan deutsudan legez, teknologia be sano lagungarria da.

9.- Domina eta errekorrakaz etxera bueltaten zarenean, lagunek eta zer esaten deutsue?

Zurtz eginda geratzen dira eta neu baino harroago dagoz.

10.- Ze esperantza dozu bihar-etzirako?

Zemendian munduko txapelketea dago eta horra joatea derrigorra da. Epe luzean, paraolinpiadetara joan gura neuke, 2024an, erakustaldiren bat egongo ete dan zurrumurrua dabil eta 2028 Los Angeleseko hitzorduan parte hartzea segurua da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu