XIV. Udaltop, 'Eskoleak bakarrik ezin badau...'

Bizkaie! 2022-03-22 11:15   Euskerea berbagai

Lasarte-Oriako Kultur Etxean egingo da maiatzaren 12an eta 13an.

Udaltopek Lasarte-Oriako plazea berreskuratuko du hamalaugarren edizioan. Urte biko etenaldiaren ondoren. Atontzaileek iragarri dabenez, online jarraitzeko aukerea be eskainiko dabe. Izen-emote epea dagoeneko zabalik da eta maiatzaren 3ra arte izango da aukerea formularioa beteteko.

Eskoleak bakarrik ezin badu... Zer eta zelan egin behar dogu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia atontzeko? izenburupean, edade-tarte horretako neska-mutilentzat hizkuntza politika egokia atontzeko jarraibideak emotea izango da Udaltopen hamalaugarren edizinoko helburu nagusia.

Egitarauak lau ardatz nagusi izango ditu: ikuspegi orokorra, eskolea, eskolaz kanpoko jarduerak eta talde-lana. Lehenengo blokean, euskerearen lurraldeko ordezkariek ikuspegi orokorra emongo dabe; bertan izango dira, besteak beste, Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria.

Lehenengo ardatza osotzeko, Kataluniara begira jarriko da Udaltop, beti baita aberasgarria mugez haragoko esperientziak ezagutzea eta ikastea, aurten Omnium Culturaleko eta Kataluniako Eskola Kontseiluko goi-karguak izango dira Udaletako Euskera Zerbitzuen Topaketan.

Bigarren eta hirugarren blokeetan, fokoa eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan jarriko da. Bigarrengoan, Barritzeguneetako aholkulariek eskolan euskerearen erabilerea indartzeko hobetu beharreko gakoak emongo ditue. Hirugarrenak, eskola orduz kanpoko jarduerena, hiru erpin izango ditu: batetik, Soziolinguistika Klusterrak eskola orduz kanpoko jardueren bidez hiztun hobeak sortzeko gakoak emongo ditu; bestetik, jarduera horreek arautzeko beharra aztertuko da; eta azkenik, araututa edo arautu barik, jarduera jakin horretan hizkuntza politika egokia egiteko tresnak emongo dira. Jardunaldia, ohikoa denez, talde-lanagazn amaituko da. Aurten, ostera, parte-hartzaileak hiru multzotan banatu eta hiru aztergai izango ditue edo beste modu batera esanda, hiru galdera honeek erantzuteko ahalegina egingo da: Ados gagoz 16 urte bitartekoen ekosistema lokala arnasgune soziofuntzionala izatea estrategikoa dala?; Zer ekarpen egingo zeunskio daukagun edo izan geinken arkitektura juridikoari? eta Zer eta zelan egin behar dogu hobeto gure herrian 16 urte bitartekoen habitat linguistikoa hobetzeko? Erantzun horreetan oinarrituta, gainera, atontzaileek iragarri dabe 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia zehazteko eta eragiteko eskuliburua sortzeko ahalegina egingo dabela.

Izen-emotea, zabalik

Egitaraua aurkeztuta, izen-emotea martiaren 22tik aurrera zabalik dago, maiatzaren 3ra arte. Matrikulazinoa www.udaltop.eus webgunean egin behar da. Izena emoterakoan aurrez aurreko edo online formatua aukeratu beharko da eta horren arabera, prezioa 65 €-koa eta 15 €-koa izango da.

Azkeneko edizinoetan bezela, atontzaile dira euskerearen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Hirigune Alkargoa; Eusko Jaurlaritzea, baita Hezkuntza saila be; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu