Ane Lopez: 'Herritarrek Marikobaso eurena dala sentidutea gura dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2022-03-21 07:55   Barriketan

Marikobasoko kidea.

Marikobaso espazioa jaio da Derion (Urkiola kalea, 6), euskerea, kulturea, feminismoa eta ekologismoa oinarri. Edozeinentzako espazioa da Marikobaso: Derioko ume, nerabe, gazte eta helduentzako; kulturea konsumiduteko eta biziteko gunea egin gura izan dabe: Sormen gunea izatea gura dogu, arte herrikoiaren topagunea. Pozik eta burujaubeago izateko espazioa, hain zuzen be.

Derioko auzo bat da Marikobaso, Bilboko kanposantua eta aireportuaren artean kokatua. Jaio barri dan espazio hau, lehen aitatutako lau ardatz horreez gan, bestelako balio batzuk be ekarri gura ditue erdigunera: parte hartzea, autonomia, horizontaltasuna, autogestinoa eta ez inoren esku ixtea egin beharrekoak.

Esangura horretan, zezeilaren 28tik apirilaren 8ra dirua batzeko kanpainea atondu dabe itsulapikoa.eus webgunean eta bost sari egongo dira, bakotxaren indarraren arabera.

Hainbat alkartetako kideak batu eta espazio hau Derioko erdigunera ekarri gura izan dabe eta, beraz, zezeileko zapatu guztietan auzolanak egin eta martian izango da inaugurazinoa.

Aurkezpen bideoa hemen.


1.- Marikobaso izena deigarria da. Nondik nora otu jatzuen izena? Marikobaso kalea be badago Derion...

Jenteari gustau jako antza eta bai deigarria da baina Deriotik kanpokoentzat gehienbat. Marikobaso kalea badago Derion eta antxina baserri bat zan; edozelan be, izena hartu genduan Mari eta basoa berben arteko buztarketea dalako, marigobaso, hain zuzen be eta derioztarrentzat aparte edo dagoan auzoa danez, aireportuaren eta kanposantua eregiteko kendu ebelako, erdialdera ekarri gura izan dogu gunea, izena eta izana herriaren erdigunean kokatuz.

2.- Lagunartean sortutako espazioa da, helburu dituana euskerea, kulturea, feminismoa eta ekologismoa. Euskereari jagokonez, ze jarduera aurreikusi dozuez?

Jente asko batu gara, hangoak eta hemengoak, euskaldunak, femistak, ekologistak eta holakoak eta euskereari jagokonez, Tximintx Komunidadeagaz ibili gara herriaren beharrei buruz eta berbetan eta gauza asko egin daitekezala jaubetu gara: apirilean, maiatzean edo hor bueltan Derioko euskerearen gaineko hiru saio egitekotan gagoz. Hasibarriak gara, asko dago egiteko eta ezin doguz ahaztu Txorierriko Mankomunidadea, Zamudioko Lagatzu eta hainbat alkarte.

3.- Burujaube izateko helburua be badozue, autonomia, horizontaltasuna zein, autogestinoa. Gitxieneko gastuetarako aurrekontua nondik atarateko asmoa dozue?

Duda barik, dirua behar da ze gastuak pilotu egiten jakuz, lokalaren alokairua, argia, ura eta enparauak eta horreei aurre egiteko oraintsu ekin geuntsan crowfounding kanpaineari, itsulapikoa.eus webgunean; gure asmoa 5.000 euro lortzea zan, gitxienez 3.500 euro eta oraingoz 2.726ko ekarpenak egin ditue eta kontuan hartu oraindino 20 bat egun falta dirala kanpainea amaitzeko. Pozik gagoz. Eta aitatu deutsudazan gastuei aurre egiteaz gan, atondu gura doguzan ekitaldiak atontzeko, kudeketa zein administrazino kontuetarako be erabiliko geunke dirua.

4.- Zezeilaren 28tik apirilaren 8ra dirua batzeko kanpainea atondu dozue, kanpaina berezia, dirua emoten dabenek, kopuruaren arabera, sariak be irabaziko dituelako...

Bai. Sari bakotxaren izena Derion gaurkoz ez dagoan baserri bati jagoko:

- Ganburu: 10 euro. Esker ona. Marikobasoko muralean izen-abizenak.

- Larrajauregi: 20 euro. Esker ona. Marikobasoko muralean izen-abizenak. Marikobaso egunean bazkaria.

- Teileri: 60 euro. Esker ona. Marikobasoko muralean izen-abizenak. Urtebeteko bazkidetzea. Marikobasoko kamiseta esklusiboa.

- Bestorrene: 120 euro. Esker ona. Marikobasoko muralean izen-abizenak. Urtebeteko bazkidetzea. Bazkide biri bazkaria Aldekone jatetxean.

- Deurika: 250 euro. Esker ona. Marikobasoko muralean izen-abizenak. Urtebeteko bazkidetzea. Ekitaldi bat atontzeko aukerea (Marikobasoko erispideak beteta). Marikobasoko kamiseta esklusiboa.

5.- Zenbat herritar batu zarie Marikobasora? Lokala atontzeko lanetan be egin dozuez ordu batzuk. Jentea hurreratu da?

Talde motorra edo esaten deutsagun horretan 8-10 lagun gabiz eta talde horretan egon ez arren, taldekide izan ez arren, hurreratu jaku jentea lokala atontzen, ez da inor kexau eta hori eskertzekoa da.

Taldekide edo bazkidetzat hartuko doguz, dirua batzeko kanpainan 60 euro baino gehiago jarten dabenak baina bazkidetza kanpainea aurrerago martxan jartea aurreikusi dogu. Segurutik batzarretan parte hartzea, jarduerak atontzen eta laguntzea eta holakoak eskatuko doguz eta, jakina, abantailak be izango ditu bazkideak, saioetarako sarrera merkeagoak eta holakoak. Lehen nabarmendu dogunez, taldeak era demokratikoan eta sistema horizontalean jardungo dau,

6.- Zelakoa izango da zuon egunerokoa?

Harrera ona izan dogu, behar egiten be etorri dira asko, sare sozialetan eta argitaratzen izan doguz hitzorduak eta oso gustora gagoz egin deuskuen harrereagaz, zezeileko zapatu guztietan ibili gara hau dana atontzen eta pozarren gagoz.

Ganerakoan, prest gagoz ekitaldiak atondu eta bideratzen hasteko eta hurreratzen jakuzan herritar eta alkarteetako beharrak gogoan hartu eta ahalik eta ondoen erantzutea da asmoa; alkarteentzako topagune izango dogu Marikobaso, Tximintx euskera alkartearen, Jai Batzordearen eta Koxak talde feministearen batzeko lekua be bai eta horretan gabiz, ahalik eta talde edo alkarte gehienakaz bat egin eta apurka-apurka gauzak zehazten joan gura dogu.

Orain artekoak gogoratzeko, martiaren 8an, jantza tailerra egin genduan, oraintsuago erantzun handiko jaia eskaini euskun disko-jartzaile berezi batek eta 22. Korrikaren harian, Korrika Kulturala berton egingo dogu, apirilaren 1ean eta 6an, oso oker ez banago.

Horrezaz gan, lokala handia ez bada be, danok erabilteko liburutegia be badogu. Lokala txikia da baina hiru espazio ditugu, gela nagusia, gela txikia (Liburutegia) eta hirugarren espazioan, bulego antzeko bat, bilerak eta egiteko. Oinezkoentzako bada be, kanpoaldea be erabiliko dogu.

7.- Marikobasoren aurkezpena astegoienean egin dozue, gazte orkestrea, mokaua...

Zemendian be egin genduan aurkezpen txiki bat baina hau izan da handia edo eta oso ondo pasau genduan. 

Gazte Orkestreak ordubeteko kontzertua eskaini euskun eta jenteak abestu be egin ebasn. 
Gero 13:00ean, ekitalditxoa egin genduan Marikobaso Espazioa zelan sortu zan, zer egin nahi dogun eta ditugun erronkak azaltzeko. Amaitzeko ardao ekologikoa, infusinoak, etxean egindako tortillak (baita beganoa be) eta bizkotxoak ekarri genduzan danon artean ospatzeko. Oso egun ederra izan da, pozik gagoz izan dogun harrereagaz. Eguerdi partean egin arren ez genduan pentsetan horrenbeste herritar hurreratzea eta Deriokoa ez dan jentea be ibili zan. Itzel pasau genduan.

8.- Baserri Antzokia be hor dabil. Badozue hartu-emonik, traturik eurekaz?

Oraindino ez gara egon Baserri Antzokikoakaz baina egon egongo gara.

9.- Bihar-etzirako ze asmo dozue?

Marikobaso kultur erreferentea izatea gura dogu. Herritarrek eurena dala sentidutea, parte hartu deiela eta geugaz bat egin deiela da asmoa. Lokala txikia da eta aurrerago handiagoa behar izatea seinale ona izango litzateke.

10.- Bazkide izateko kanpainarik abiatuko dozue?

Bai. Apirilean edo herritar guztiak onartuko doguz, txiki zein handi. Dirua batzeko kanpaina horretan 60 euro eta hortik gora ipinten dabenak berez izango dira bazkide baina urtean kuota bat pagetea izango da segurutik normalena. Sare sozialetan eta Bizkaie! lako komunikabideetan bagabiz propagandea egiten eta dana beharko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu