Atxarteko espoloiak, Bizkaiko eta Euskal Herriko eskaladearen magia
2022-03-15 09:17 Ibilian-ibilianGozau daigun Bizkaiko hatxaren erdiguneetako batean.
Bizkaiko Durangaldeko eskualderantz joango gara, nora eta Abadiñora. Bertan, Mendiola auzotik jo eta Atxarte maitera helduko gara. Eskaletan ibiluiko gara gaur eta horretarako aproposa doguz Atxarte eta inguruak.
Historian zehar, hainbat izan dira mundu guztitik inguru honetara eskaletan etorri diran eskalatzaile fanatikoak, baita gozetan eta goiz edo arratsalde pasa goazen naturazaleak be. Danetarako dago tokia Atxarten eta danetarako aukerea. Urkiolako Parke Naturalaren barruan dagoan zonalde zoragarri honek Untzillaitz, Astxiki eta Alluitz mendiak ditu azpimarragarri baina zelan ahaztu Anboto ederra.
Eskola klasikoa dogu Atxartekoa eta inguru alpinoa izateagaitik da ezaguna, fisurak, tximiniak, desplomeak, danetarik daukagu bertan, zailtasun maila guztietarako. Gogoan dot oraindino behin Kurt Diemberger ikustera joan nintzala antzoki batera, Azpeitira segurutik eta bertan esan ebanez, gaztetan Atxartera etorten ei zan eskaletan. Ilusino berezia egin eustan horrek, izan be, alpinista austriarra erreferente handia da mendizaletasunaren munduan, Broad Peak eta Dhaulagiri mendiak aurreneko aldiz igoten lehenengoa izan baitzan munduan. Eskalatzaile eta ibilbide interesgarria eta ha be Atxarten eskaletan ibilitakoa. Ziur nago ikerketa sakon bat egingo baneu, holako milaka izen aitatuko neukezala, mundutik zehar bertara gerturatutakoak.
Hainbat eta hainbat sektore, ertz eta bide topau geinkez bertan, horreen artean, Labargorri, Eguzkiarre, Aurrekoatxa, Urrestei, La Proa, La Puerta, Bahia...
Gaur, halan da be, horreek nabarmendu eta Astxiki mendi bereziak eskaintzen dituan aukerak izango ditugu erdigune, hain zuzen be. Eskaladearen munduan hain ezagunak diran espoloiei eta mendizale danontzako Astxikiren inguruetako hormatzarrak oso ederrak dira; aukerak zein-nahi, espoloi bat igon geinke bertako luzeak batuz edota espoloitik espoloira zeharkatu eta Astxikiko gailurreraino igon zaitekez, 300 metro inguruko eskaladea, edota kirol eskaladea be egin zeinke espoloietan bertan. Hatxaren kalidadea oso ona da eta lan handia egin da mantentze-lanetan federazionaren eta bertako eskalatzaileen eskutik. Hori bai, espoloietako hatx bakotxa eskaladearen historia gordina danez, oso ibilia edo zapaldutako hatxa da eta horrek, duda barik, zailtasuna dezente gehitzen deutso. Oro har, nahiko eroangarria dan gradua gogortu egiten dau horrek, heldulekuen zailtasuna dezente handituz. Hori, orstera, esandakoaren isla zuzena be bada, zenbat hatz-behatzek heldu ete dituen helduleku horreek historian zehar... Pentseteak be hunkitu egiten nau, horreek bai dabela zeresana.
Egun, lehenengo eta hirugarren espoloia dira gehien eskaletan diranak. Lehenengoan, batez be, aukerak ugari dira, asko eta ezbardinak. Esaterako, Diedro, Naufragos, Ekain, Nueva, Kike, Vueltona... Hainbat dira egin daitekezan konbinazinoak luzeen artean. Ederra da ikustea be, bertako eskalatzaile askok zelan pasetan daben arratsaldea bakar-bakarrik eskaletan, lan bikotxa eginez eta egun batzuek eskaintzen daben isiltasunaz eta inguru parebakoaz gozetan.
Esandakoa, aukerak hainbat, krokisak non-nahi eta paisajea zoragarria. Kontu handiz eskalau, duda barik, esperientzia handia dauen norbaitegaz, batez be, ohituta ez gagozanok, ez baita gauza bera kirol eskaladan ibiltea eta luzeetan.
Beraz, material egokiaa, kontu handia, konfiantzazko sokalagunan eta paretetako txapa eta bilerak jagon. Gozau daigun, bada, Bizkaiko hatxaren erdiguneetako batez eta inguruotako zonalderik alpinoetako batez, historian sartuta eta begiak zabal-zabalik, naturaz disfrutatuz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!