Punto de Vistak 60 jarduera eta proiekzino baino gehiago dakarz
2022-03-14 10:48 ZinemeaMartiaren 14tik 19ra 100 film inguru erakutsiko ditue.
Programazioa 7 sail nagusitan banatuko da: Sail ofiziala, Atzera begiradak, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Hezkuntza Programea. 20 nazionalidade baino gehiago batuko dira Punto de Vista jaialdian, Sail Ofizialeko filmen zuzendariak hamabi emakume eta hamar gizon dira eta mundu mailako estreinaldi bi izango: Ione Atenearen Los caballos mueren al amanecer eta Javier Codesalen Evangelio mayor.
Punto de Vista 2022ko jarduerak 6 egoitzatan izango dira: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza Museoa, Nafarroako Filmoteka, Civivox Condestable eta Katakrak.
Edizio honetako atzerabegirakoei jagokenez, Marokoko zinema dokumentalaren hasierako faserai buruzkoa izango da bata eta bestea ibaiei buruzkoa, zinemaren historian agertu izan diran elementu sozial eta natural legez. Proiekzino, aurkezpen eta barriketak zein mahai-inguruak iragarri ditue.
Horrezaz gan, zinemagile garaikide garrantzitsu bi izango dira gure artean: Sofia Bohdanowicz, Artxiboko Fikzinoak fokuaren protagonista Payal Kapadia-gaz batera; Eta Manuela Serra, Portugalgo O Movimento das Coisas (1985) film mitikoaren egilea; Portugalgo Zinematekeak oraintsu zaharbarritu dauen kopia erakutsiko dabe.
Nafarrak Punto de Vista 2022 jaialdian
Nafarroak ordezkaritza zabala izango dau aurten Jaialdiko programazinoaren barruan. Punto de Vistaren inaugurazimoan Ione Atenea zinemagile nafarraren film luze barriaren munduko estreinaldia izango da: Los caballos mueren al amanecer. Bestalde, Arantza Santestebanek 918 gau aurkeztuko dau Sail Ofizialean; kritikeak oso harrera ona egin deutso lanari eta Lisboako eta Turingo jaialdietan Film Onenaren Sariak irabazi ditu. Gainera, San Simón 62 filmaren munduko estreinaldia be izango da; X Films proiektuaren azken edizinoko irabazlea izan zan eta urte osoan Nafarroan barrena ibili dira Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarri filma grabetan.
Kontziliazioaren alde
Aurten, gainera, konziliazinoaren alde egin dau jaialdiak eta Punto de Vista ludotekea sortu: Puxika Gorria. Beraz, bularra emoteko txoko bat izateaz gan, sei hilebetetik hamabi urtera bitarteko umeentzat gune bat be egongo da.
Goiburua
Jaialdiaren goiburuetan Nafarroako Fototekako funtsaren estereoskopiak berreskuratu ditue, hiru dimensinoko gailuaren bitartez, pare bakotxeko irudi biren fotogramaz fotogramako segidea ikusten da; holan, erretratuek esentzia eta formea berreskuratzen dabe. Goiburu bakar baten ordez, hainbat bersino egiteko aukerea emoten dauen formatuaren alde egitea erabagi dabelako. Kontuak kontu, erretratuak nondik datozen birsortzen da, artxibo bat, baita irudien bilduma izakerea be.
Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO soziedade publikoak atontzen dauen Punto de Vistaren auirkezpenean izan dira Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilaria, Manuel Asín Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa eta Teresa Morales de Álava Jaialdiaren zuzendari ejekutiboa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!