Bilboko Musika Bandeak Mikel N'Dong pianista eta Musikeneko ikasleak izango ditu lagun

Bizkaie! 2022-03-10 10:34   Musikea

Hitzordua domekan, 13an, izango da, 12:00etan, Euskalduna Jauregian.

Mikel N'Dong pianistea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udal Musika Bandeak martiaren 13an agurtuko dau igazko irailean hasitako neguko kontzertuen zikloa. Bilboko taldeak, José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean, amaierea emango deutso Euskalduna Jauregiko aurtengo denporaldiari, "Hurbileko oroitzapenak" izeneko saioa eskainiko dabelarik.

Aurtengo kontzerturik berezienetako bat izango da, izan be, Mikel N'Dong pianista sestaoaarragaz eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleakaz izango baita oholtzan. Bandeak ondoko gonbidatuen laguntzeari esker, Iñaki Carcavilla Garasak bandarako egindako Morfeo. Poema onírico para bandea obrea estreinauko dau. Era berean, publikoak Mikel N'Dong-ek berak bandarako egindako Memories of Scotland bersinoaren bigarren estreinaldi batez gozau ahal izango dabe. Kontzertuan zehar Ramón Ramosen Passacaglia eta Igor Stravinskyren L 'oiseau de feu lanak entzungo dira.

Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan erosi daitekez, 5 euroan publiko orokorrarentzat eta 4 euroan 65 urtetik gorakoentzat, pensinodunentzat, erretiratuentzat eta Gazte Txartela dabenentzat, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro). Egungo osasun-egoerea dala eta, nahitaezkoa izango da musukoa erabiltea bertaratzen diran guztientzat, baita 3 urtetik gorako umeek be. Musuko higieniko, kirurgiko edo FFP2 homologatuakaz sartuko dira.

Kontzertu honegaz, Bilboko Musika Bandeak amaitutzat emongo dau neguko denporaldia. Hurrengo hitzorduan Bandeak agertokia aldatuko dau eta Atxurira Enkarnazino-eleizara joango da, martiaren 25ean, Gogoetarako musikea izeneko saioagaz. Oraingo honetan, Iñaki Urkizu zuzendariordeak gidatutako taldeak, Johan Sebastian Bachen Bist du bei mir W. Hautvasten moldaketekin, James Barnesen Yorshire Ballad, Chang Su Kohen Lament, Tomas Aragüésen Suite Clásica, Tomás Bretónen En la Alhambra, Gabriel Fauréren Pavane, Pablo Sorozabalen Gernika Urkizu beraren moldaketakaz eta Patrick Doylen Non nobis domine P. Kingen moldaketakaz interpretauko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu