Alfonso Diez: 'Herritarrak jagotea gustetan jaku'
2022-03-14 07:55 BarriketanArimaktoreko antzezlea.
Alfonso Díez, 53 urteko leioarra, 30 urte baino gehiago antzerkiaren munduan dabilena. 6 urte daroaz Arimaktoren. Getxoko eskolan ikasi eban lehenengo promozinoan baina urte asko pasau dira eta danetarik egin behar izaten da ogibide ederrean biziten jarraitzeko.
Arimaktore taldeak 10 urte egin ditu aurten eta ibilbide horretan izandako gorabeherak kontauko deuskuz azken fasean oso gogotsu dabilen Alfonsok.
1.- Hamar urte, hamar dira. Zorionak Alfonso, zorionak Arimaktore. Hasierako momentuak zelakoak izan ziran?
Nik neuk sei bat urte daroadaz Arimaktoren baina aurretik beste batzuk ibili ziran, Alicia Romero eta; jatorria Teatrilloa izan zan eta gero Arikmatore hasi zan martxan. Gaur egun, barriz, erreleboa hartu eta 2016tik antzerki alternatiboaren bidean gabiz.
2.- Arimaktore izena nondik nora dator?
Arimea eta aktorea berbak dagoz oinarrian eta bi horreen buztarketea edo da izena. Aktorearen pasinoa, esentzia, arimea eta antzezlea. Mundua hau nahikoa gogorra da, izan be, hara eta hona ibili behar da eta maila ekonomikoan be badakizu sarritan egoerea ez dala bolanderak botateko modukoa izaten. Aktoreak pasinoa eta aurrera egiteko gogoa izan behar ditu eta entzute handikoen aholkuak eta ez dira baztertu behar.
3.- Arimaktorek makinatxu bat lan egin dau 10 urteotan eta obra batzuen izenak aitatzea besterik ez dago, Siempre juntos, La sufnormalidad definitiva, Funeral eta Quijote kill. Publikoa erakarteko zelako lanak atontzen dozuez?
Ez da erraza. Gure lanaren zati handi bat umoreari, umore absurdoari eskaintzen deutsagu, antzezlan esperimentalak be ez doguz baztertzen baina danetarik topauko dau publikoak, baita barrizketak, dramak eta komedia be. Kontua da ze antzerkia maite daben ikusleak bereziak dirala eta ezin jakela edozer eskaini. Zorionez gure artean idazleak, dramaturgo onak doguz eta hori berme handia da. Bakotxak bere ezaugarriak ditu eta antzezlana gozetan zagozala, nork idatzi dauen jakin barik be antzemon daiteke nor dan egilea. Gainera, geure burbuilatik kanpoko idazleak be baditugu eta, beraz, bestelako esentziak be barrubatzen doguz.
4.- Kanpotik jatortzuezan proiktuei be jaramon egiten deutsazue baina ez da erraza izango erakargarri izan daitekeen hori topau eta aurrera eroatea?
Kanpotik datozen eraginak sano aberasgarriak begitantzen jakuz, izan be, antzerkiaren munduan gabizanok familia bat gara eta beti gagoz prest kanpoko proiektu edo idea horrek hartzeko zein beste talde batzukaz kolaboretako. Erraz antzemoten dogu zein dan aurrera eroateko modukoa eta zein ez. Talde lana da gurea eta oso ondo konpontzen gara.
Askotan Barakaldoko Udalak be proponiduten deusku hau, hori ala bestea egin geinken ala ez eta lankidetza hori oso interesgarria da; herritarrek be euren ideak aurkezten deuskuez eta gustora hartzen doguz, izan be, auzolana da gurea.
5.- Arimaktore taldearen obrak aitatu doguz lehen baina zer daukazue prest zaleentzako?
Amado Mario hor dabil, Txema Trujillo aktorearen lana da, bakarrizketea, Cinco horas con Mario klasikoaren zeozelako bersinoa. Esperientzia interesgarria izaten da Trujillo taulan ikustea. Bitxikeria lez, Txema Trujillori bere urtebetetzearen inguruan gustetan jako holako obra berezi bat eskaintzea eta hau laugarrena dala uste dot.
6.- Salah El Yaakoubiren - El pirata del estrecho be sano berezia da. Tipo hau nor da?
Salah kanpotarrakaz beharrean dabil, antzerkia sortzen eta euren ekarpenakaz antzezlanak egiten, kanpotarraren papelean sartzen da eta egiten dituan bakarrizketak barregarriak baina gaien aldetik gordinak eta gogorrak be izaten dira. Oso oker ez banago martiaren 27an egongo da aukerea aitatu dozun obra hori ikusteko.
Beste alde batetik, En esta casa pasan cosas lana eskainiko deusku El callejon del gato konpainia asturiarrak martiaren 20an.
Ganerakoan, alkarren arteko hartu-emonak, tailerrak eta oso inportanteak dira, antzerkiaren munduan jente asko dabil gure inguruan eta horri esker gura barik be aberastu egiten dira gure jarduerak.
7.- Nortzuk zagoze orain Arimaktoren?
Bigarren fasean, 2016. urtetik hona zazpi lagun gara, Leire Orbe, Chema Trujillo, Eneritz García, Braulio Cortés, Sara Barroeta eta neu Alfonso Díez eta Soledad Carril; azken hau ez egoan hasiera haretan baina bai, ostera, Aitor Borobia eta Erik Leal eta, beraz, zortzi ginan 2016. urtean. Gure kolaboratzaileak be ez doguz ahaztuko, sekulako lana egiten dabelako.
8.- Hamargarren urteurrenerako ospakizun berezirik atondu dozue?
Bai. Barakaldo Antzokiagaz lankidetzan, gure obra nabarmen eta ezagun batzuk hor eskaintzea da asmoa: Txema Trujilloren Ifigenia Glanz, apirilaren 1ean, Cabaret Pachon, apirilaren 22an, eta Erik Lealen Funeral, maiatzaren 20an. Aurretik David Caiñaren Simpre Juntos be antzeztuko dogu.
Horrezaz gan, bagilean edo hor bueltan egin gura geunke Macedonia gure obra mitikoaren bersino berezia.
9.- Bihar-etzirako ze erronka dozue buruan bueltaka?
Erronkak, helburuak ugari. Bizirik jarraitzea ez da helburu txarra [Barreka] baina herritarrakaz bat egitea gustetan jaku. Barakaldoko Udala eta Barakaldo Antzokia lagun doguz, hartu-emonetan gabiz beti eta Pabilioi 6 taldeagaz be ondo konpontzen gara. Beraz, herritarrakaz hartu-emonak sendotzea da asmoa, gure bokazinoa auzolana da, talde edegia gara eta hartu-emonak indartu gura doguz. Gure publikoa fidela da, familia bat gara baina eragina zabaldu gura geunke. Harro gagoz Barakaldoko bazterrak astintzen gabizelako eta obrak berez etorriko dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!