Akustika arkitektonikoa ardatz
2022-03-07 11:35 KultureaBidebarrieta Zientifikoaren barruan dator hitzordua.
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak zientziagaz lotutako topaketea dakar, Zelan jokatzen dau soinuak espazio zarratuetan izeneko jardunaldiaren bidez. Topaketea martiaren 9an, eguaztenean, izango da, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian, 19:00etan. Berbaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedreak eta Bidebarrieta Liburutegiak sustatzen dabe eta Erica Macho Stadlerrek emongo dau, Zientzietan doktore eta EHUko Fisika Aplikatua saileko irakasle titularrak.
Zergaitik entzuten da hobeto ahotsa dutxan abesten dozunean? Horrek azalpen zientifikoa dau. Komuneko horma gogor eta lauei esker, gela honek benetako erresonantzia-kutxearena egiten dau eta soinuaren uhinak hormetan islatzen diranean, soinuaren intensidadea handitu egiten da, gure ahotsa normalean dan baino indartsuago agerrarazoz.
Fenomeno hau ez da komunean abesti bat kantetan dogunean zein kontzertu-aretoetan, eleizetan, berbaldi-aretoetan eta bestelako espazio zarratu batzuetan be jazoten da. Sekretua fisikan dago, akustikan, hain zuzen be, hauxe baita soinuaren alderdi guztiak eta sortzen danetik entzulearengana heldu arte jazoten dan guztia aztertzeaz arduratzen dan adar zientifikoan. Espazio zarratuen kasuan, akustika arkitektonikoa da soinuak lokaletan eta eraikinetan dauen portaera ikertzeaz arduratzen dan espezialidadea.
Berbaldian, Erica Macho Stadler akustika arkitektonikoaren zenbait gako azalduko ditu: erreberberazinoa, nota bakotxa emon ondoren ahotsak airean denpora gehiago iraunarazoten dauen fenomeno akustikoa, baita soinuak espazio zarratuetan zelan jokatzen dauen eta ikuskizun batera joaten dan publikoak soinuan eraginik ete dauen.
Erica Macho Stadler
Zientzietako doktorea, UPV/EHUko Zientzia Aplikatua Saileko kidea, Bilboko Injinerutza Eskolako irakaslea eta Science Technology and Mathematics Education Research Group taldeko kidea da. Azken urteotan, haren ikerketa-jardunaren ardatz izan dira akustika musikala eta bigarren hezkuntzan zein unibersidadean akustika irakasteko materialen garapena.
Bidebarrieta Zientifikoa
Euskal Herriko Unibersidadeko Kultura Zientifikoko Katedreak eta Bidebarrieta Kulturguneak bultzatutako berbaldi-zikloan kokatzen da jardunaldia, zientzia- edo teknologia-gaiak publiko zabalari hurreratzeko asmoz.
Sartzea doban eta librea da, jarlekuak bete arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!